Bermeoko Udaleko Euskara Sailak aurten ere abian jarri du Berbalagun egitasmoa. Josu Unanuek, Euskara zinegotziak adierazi duenez, egitasmoaren helburua da “berba egiteko aukerak zabaltzea eskolatik eta euskaltegietatik kanpo, lagunarteko giroan” eta aurten #lotsarikgabe mezuarekin dator, hau da, lotsatu barik berba egiteko mezua zabaldu gura dute.
Maite Alvarezek, Bermeoko Euskara Saileko buruak, Berbalagun egitasmoaren hamaikagarren edizioa izango dela nabarmendu du, izan ere, “urtez urte aberastuz doan eta parte hartzaileen aldetik harrera oso ona daukan egitasmoa da”. Berbalagun egitasmoaren bitartez, euskaraz berba egin nahi duen edozein pertsona, astean behin lagunekin elkartzen da taldean eta, gustuko ekintzak eginez, euskaraz hitz egiten du.
Elkarlanaren ondorio den egitasmoa aurkezteko, udal ordezkariekin batera, bertan parte hartzen duten eragile hauek izan dira: Marimar Hernandez Berbalaguneko dinamizatzailea, Ibon Iturbe, Karmele Zarain eta Iratxe Garmendia, Hizkuntza Eskola Ofizialeko, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko eta AEK euskaltegiko ordezkariak, hurrenez hurren.
Bertan azaldu dutenez, Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez da behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago. Horrela, Marimar Hernandezek azaldu duenez, aurtengo mezua da #lotsarikgabe, izan ere, berbalagun taldeetan parte hartzen dutenek berba egiteko lotsa gainditzeko mezua. Hala diote bertan ibilitakoek, apurka apurka hasten dira berbetan eta zenbat eta gehiago aritu, hainbat eta hobeto egiten dutela, aurrerakuntza nabaria da, beraz.
Ildo honetan berba taldeen bitartez, “euskara erabiltzeko esparruak zabaltzen” dira. “Euskara ikasi arren hitz egiteko ohitura handirik ez duen jendea eta normalean hitz egiten dutenak batuz, harremanak estutzen dira euskaraz bizitzeko”. Aipatu egitasmoan parte-hartzea dohainik dela azpimarratu dute.
Baina Berbalagun egitasmoaren barne ez dira berba taldeak soilik antolatzen. Horiez gain, hainbat ekintza osagarri egiten dira. Pasa den ikasturtean bitxigintza eta sukaldaritza tailerrak, argazki emanaldia eta tertulia, bisita gidatuak eta Urduñara irteera egin ziren. Ekintzak jakitera emateko buletinak ere argitaratzen dituzte eta horien bidez Berbalagunen lehiaketetan parte hartu daiteke.
Ekimen horiek jendearen parte hartze garrantzitsua lortu zuten pasa den urtean eta ekintza horiek eta antzekoak egingo dira aurten ere bai Berbalagunen barne, hala nola topaketak, ikastaroak, irteerak eta herriko beste eragile batzuek antolatutako ekintzetan parte hartuko dute, adibidez, euskararen egunean edo korrikaren inguruan antolatutakoak.
Horrela, Berbalagunen parte hartu nahi duten pertsona guztiek Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu dezakete edota Marimar Hernandez dinamizatzailearekin 607 609 580 zenbakian kontaktatu.
Egitasmoa facebooken eta berbalagunen blogean ere jarraitu daiteke, han argitaratzen dira berri guztiak eta izena emateko aukera bertan dago eskura zuzenean.