UEMAko kide diren hainbat udalek euskaraz funtzionatzen dute. Eta errealitate horretatik abiatuta beste bultzada bat eman nahi zaio euskararen erabilerari instituzioen arteko harremanetan. Horretarako, Mankomunitateko kide diren hainbat udalek beste instituzioekin dituzten harremanetarako hizkuntza euskara izan dadin eskatuko dute.
UEMAko hainbat udalek gutunak bidali dituzte goi administraziora harremanak euskaraz izan nahi dituztela ohartarazteko. Egindako eskariak, batetik, euskaraz funtzionatzen duten udalek dituzten beharrei erantzuten die; eta bestetik, udalek onartu berri dituzten administrazioa euskalduntzeko planetan marraztutako bidea egin nahi dute.
Administrazioaren euskalduntzea helburu duen urrats honekin beste bultzada bat eman nahi zaio euskararen erabilerari instituzioen arteko harremanetan. Horrela, Mankomunitateari dagokion udaletako esparrua gainditu eta eragite eremua UEMAz gaindiko hainbat instituzioetara ere zabaldu nahi du Mankomunitateak. Finean, administrazio publikoan sortutako euskararen arnasguneak baliatu nahi dira instituzioetan ere euskara hizkuntza normalizatua izateko bidea urratzeko.
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako udalek norbere herrialdeko aldundira eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko dituzte gutunak.
UEMAko kide diren udal guztiek onartu berri dituzte administrazioa euskalduntzeko erabilera planak, eta 2017. urtea amaitu arte indarrean egongo dira. Plan horiek UEMAk diseinatutako metodologia berrian oinarrituta osatu dira. Metodologia horren ezaugarri nagusia da eraginkortasuna bermatzeko ahalegina egiten duela, eta horrela, administrazioa euskalduntzeko eman beharreko urratsak gauzatzea lortu nahi da.
Udalek onartutako erabilera planetan hiru helburu estrategiko daude zehaztuta:
- Herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin bermatzea, beti ere herritarren hizkuntz eskubideak errespetatuz.
- Euskara beste administrazioekiko harremanetako hizkuntza izan dadin bermatzea.
- Euskara administrazio barneko lan hizkuntza izan dadin bermatzea.