.eus aitzindari programan sartu ostean, eta zailtasun teknikoak gaindituta, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea .eus izango da aurrerantzean. Maren Belastegik UEMAko lehendakariak adierazi duenez, “.eus domeinua baliatuz, Mankomunitateak euskaraz bizi garela erakutsi nahi dio munduari”.
Maren Belastegi UEMAko lehendakariaren iritziz urrats garrantzitsua da, eta bere hitzetan “.eus domeinuaren bitartez lortu nahi diren helburuekin bat egiten du UEMAk. Finean, euskaldunon komunitatea sendotu nahi dugu. Arnasguneak sortu eta zabaldu nahi ditugu. Eta bide horretan, tresna ezin baliagarriagoa zaigu .eus domeinua”.
.eus fundazioa
.eus domeinuaren poriektuak 2007an eman zituen lehen urratsak eta 2008an PuntuEus Elkartea eratu zen, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea egituratzeko helburuarekin.
2008tik 2012ra zabaltze prozesuan egon da eta guztira 58 elkarte eta erakundek osatzen dute PuntuEus Elkartea. 2012an, PuntuEus Elkarteak PuntuEus Fundazioa sortu zuen eta azken hau izan zen ICANNen aurrean 2012ko maiatzean .eus domeinuaren eskaria aurkeztu zuena. Eskari hori ebaluatu eta 2013ko ekainaren 14an jakin genuen .eus domeinua onartua izan zela. Eta martxan jartzeko beharrezko lanak bukatu ondoren, 2014ko udaberritik ikusgarria da .eus domeinua Interneten.