UEMAk eskuratu berri ditu Nafarroako errenta aitorpenaren gaineko datuak. Oraindik “gutxi” dira errenta aitorpena egiten dutenak, baina urtez urte gero eta gehiago dira hautu hori egiten duten herritarrak.
Nafarroako UEMAko udalerrietan guztira 12.955 herritarrek egin dute errenta aitorpena. Horietatik, 667 (%5.14) izan dira euskaraz egin dutenak. Iaz baino 183 herritar gehiagok egin dute errenta aitorpena euskaraz.
Maren Belastegik, UEMAko lehendakariak, nabarmendu du Nafarroako herritarrak eta administrazio publikoaren arteko harremanak euskalduntze bidean oraindik asko dagoela egiteko. “Ez da erraza Nafarroan administrazio publikoarekin euskaraz aritzea. Herritarrek behin eta berriro aldarrikatzen dute euskaraz aritzeko eskubidea, baina hala ere, sarritan ez dute horretarako aukerarik”.
Errenta aitorpenaren kasuan, Gobernuak euskaraz egiteko aukera eskaintzen du. Baina herritarrek eskatu egin behar dute euskaraz egin nahi dutela. Esaterako, errenta aitorpenerako proposamena etxean jasotzen dutenek, Nafarroako Gobernuaren webgunean egin behar dute eskaera.
Apirilean egin zuen UEMAk “Errenta aitorpena euskaraz” kanpaina. Udalekin elkarlanean, UEMAko 72 udalerrietan etxez etxe banatutako esku orrien bitartez egin zuen errenta aitorpena euskaraz egiteko deia Mankomunitateak. Emaitzak ikusita balorazio “positiboa” egin du Maren Belastegik, UEMAko lehendakariak.