Hasiera » komunikazioa » Belastegi: “Administrazioak tokiko errealitate linguistikoaren aurretik joan behar du”

Belastegi: “Administrazioak tokiko errealitate linguistikoaren aurretik joan behar du”

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako #1euskara jardunaldian parte hartu du UEMAk. Maren Belastegi UEMAko lehendakariaren esanetan, UEMAk eta UEMAko udalek frogatu dute administrazioan ere euskaraz funtzionatu daitekeela. “Erreferentzia bat markatu dugu, eta erreferentzia horretara iritsi nahi izanez gero, euskarari garrantzia eta lehentasuna eman beharko zaio ezinbestean.”

Maren Belastegik, UEMAko lehendakariak, euskarak bizi duen egoera errepasatuz hasi du hitzartzea, #1euskara jardunaldian. Gogora ekarri du “euskara hizkuntza minorizatua” dela. “Euskara bi hizkuntzarekin talkan bizi da egunerokoan, gaztelaniarekin hego Euskal Herrian eta Frantsesarekin iparraldean. Bi hizkuntza horiek hizkuntza indartsuak dira, eta ez da lortu euskara beste hizkuntzen berdintasunera gerturatzerik ere”.

Belastegiren esanetan “Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen helburua da Euskal Herri euskalduna”. Eta helburu hori lortzeko bidean, “UEMAk balio estrategikoa aitortzen die gune euskaldunei; hau da, azken hamarkadetan bizitza soziala euskararen inguruan mantendu duten guneei.” Izan ere, arnasguneek “euskararen normalizazioaren aldeko neurri aurrerakoiak praktikan jartzeko aukera ematen dute”, eta gainera, Etorkizuneko Euskal Herri euskalduna irudikatzeko balio dute”.

Neurri aurrerakoien artean kokatu du Belastegik administrazioaren euskalduntzea. Bere esanetan, “ildo hori izan da, UEMAk bere sorreratik izan duen egitekorik garrantzitsuenetako bat. UEMAren ustez, administrazioa ezinbestean eredu izan behar du euskararen normalizazioan”.

Gaur egun, administrazioan euskarak duen erabilerari begirada bota dio UEMAko lehendakariak. Eta azpimarratu du administrazioa ez dela gai herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan bi hizkuntzak bermatzeko. “Administrazioa ez da gai euskaldunoi aitortzen zaizkigun hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Erdara da hizkuntza hegemonikoa. Euskara bigarren mailako hizkuntza da administrazio publikoan. Eta herritar euskaldunei ere, euskarazko zerbitzuak bermatzen ez zaizkien neurrian, halakoxe trataera eta balioa ematen die administrazioak, bigarren mailakoa”.

Belastegiren iritziz, egoera horretatik aurrera egiteko zentzuzkoa dirudi bi hizkuntzak pareko izan daitezen lortzeko helburua ipintzea. Baina, “gure ustez bi hizkuntzetan aritzeko gaitasuna izatearen jomugak, helburu baino abiapuntu beharko luke izan”. Eta gaineratu du “zerbitzuak erdaraz bezalaxe euskaraz ere eskaintzeko gai diren instituzioek lehentasuna eman behar diote euskarari. Izan ere, bi hizkuntzen arteko oreka bilatzen ikaragarrizko ahalegina eginda ere beti hizkuntza bat gailenduko zaio besteari. Eta horretan, erdarak duen indarra eta hegemoniagatik beti aterako da irabazten, handiak jaten baitu txikia”.

Hitzaldia amaitzeko, Belastegik ideia nagusi bat nabarmendu nahi izan du. Bere ustez, “euskararen normalizazioan errealitate soziala aldatzeko administrazio baliatu behar da. Administrazioak tokiko errealitate linguistikoaren aurretik joan behar du, aurreregi jo eta etenik sortu gabe, baina egin nahi den bidean, gurdiari tira eginez, bide urratzaile eta aitzindari papera bere eginez”.

 

 

 

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.