Ikastaro hauen bidez, guraso eta seme-alaben arteko harremanetan euskara erabili dadin erraztasunak eman gura dira eta Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskararen atea zabaltzen lagundu gura da. Ikastaro hauetan izena emateko epea irailaren 30era arte irekita dago.
Horrela adierazi dute Bermeoko Udaleko Euskara zinegotziak eta teknikariak, Josu Unanuek eta Maite Alvarezek, ikastaroak aurkezteko gaur egindako prentsaurrekoan. Bertan, eurekin batera, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietako ordezkariak egon dira, Iratxe Garmendia eta Ianire Laiuno, hurrenez hurren.
Maite Alvarezek azaldu duenez, urtero eskaintzen dira ikastaro hauek, euskaltegiekin elkarlanean, urrian hasi eta ekainera bitarte, eta batean zein bestean, taldeari egokitutako metodologia erabiltzen dute.
Gurasoei zuzendutako ikastaroak AEK euskaltegian izango dira, 125 orduko iraupena izango dute eta 20 euroko prezioa. Iratxe Garmendia AEKko arduradunak adierazi duenez, ikastaro hauetan bai euskaraz ez dakitenek eta bai berbetan jakin arren, alfabetatu nahi dutenek, parte hartu ahal izango dute. Seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena eta berba egiteko lotsa galdu, testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasi. Aurreko edizioetan ikasle izan diren gurasoen esanetan, emankorra da era honetako ikastaroan parte hartzea.
Euskara teknikariak adierazi duenez, gurasoen zeregina garrantzitsua da hizkuntzaren transmisioan; zenbat eta hobeto jakin euskaraz, seme-alabei transmitituko dieten hizkuntza aberatsagoa izango da eta etxean eta hurreko inguruan ikasitako hizkuntzan oinarri sendoagoak izango dituzte seme-alabek.
Etorkinei zuzendutako ikastaroari dagokionez, Gotzon Garitonaindia euskaltegian antolatzen da eta Ianire Laiuno ordezkariak esan duenez, 120 orduko ikastaroa urrian hasiko da. Matrikularen truke 10 euro ordaindu behar dira, gehi materiala.
Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen dute, HABEren Aisa metodoaren bitartez. Horrela, bada, euskaraz lehen berbak esaten ikasten dute ikasleek, eguneroko bizitzan erabiltzen diren berbak eta esaldiak praktikatzen dituzte eta batzuk Berbalagun taldeetan parte hartzen hasi dira. Ikastaro hau antolatzen hasiz geroztik, etorkin ugarik izan dute aukera euskaraz berbetan ikasteko eta aurrera pausu handia dela azpimarratu nahi izan du Ianire Laiunok.
Ikastaro hau beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonentzat antolatzen da, berton bizitzeko euskara ikastea lagungarri delako. “Izan ere, euskara jakiteak hartu-emonak errazten ditu eta aukerak eta bideak zabaltzen ditu”, esan du Euskara teknikariak.
Ikastaro horietan izena emateko epea irekita dago irailaren 30era arte eta izena Beraz bulegoan eman behar da (Ertzilla 6-8). Ordutegia zehaztea talde bakoitzaren esku egongo da.
Udalak eta euskaltegiek elkarlanean antolatzen dituzten ikastaro bi hauetaz gain, Bermeoko Atalde 17an, Euskal Gunean kokaturik dauden AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietan, maila guztietako ikastaroetan izena emateko epea irekita dagoela nabarmendu nahi izan dute Iratxe Garmendiak eta Marije Laiuno euskaltegietako ordezkariek.
Ordu aukera zabala eskaintzen dute, euskaltegian bertan edo internet bidezko ikastaroak, azken batean, euskara erabiltzeko aukerak zabaltzen laguntzen dute Bermeoko euskaltegietan. Hori egin nahi duten herritarrak euskaltegietara hurreratzeko gonbitea egin dute.
Ildo honetan, Josu Unanuek azaldu duenez, “Euskaltegiek lan handia egiten dute euskara ikasteko eta erabiltzeko aukerak zabaltzen eta udala bat datorrenez ahalegin horrekin, diru-laguntzak emateko sistema antolatuta dauka”, nabarmendu du Euskara Saileko zinegotziak.
Diru-laguntzak jasotzeko hainbat baldintza bete behar direla gogoratu du Euskara teknikariak: Bermeon erroldatua egotea, 16 urtetik gorakoa izatea, eskoletara joatea eta asistentzia egiaztatzea. Aurreko ikasturteko diru laguntzak abenduan banatuko dira.
Azkenez, Euskara zinegotziak euskaraz ikasi nahi duten pertsona guztiak ikastaroetan parte hartzeko deia egin du.