Hasiera » iritzia » UEMAri ezarritako betoaz

UEMAri ezarritako betoaz

Iritzi artikulua osorik:

Iraingarria zaigu UPN, PP eta PSNko ordezkari parlamentarioengandik jasotako mespretxua. Gertatutakoa harrigarria eta ez ohikoa bada ere, UEMAk Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza batzordean agerraldia egiteko EHBildu eta NaBai talde parlamentarioek egindako eskaerari ezezkoa eman diote. Horretarako, erabili duten aitzakia-arrazoia UEMAk bere egoitza nagusia Bizkaian izatea da. Beraien esanetan, UEMA arrotza omen da Nafarroan.

Dakigunez, orain arte,  administrazio ordezkaritzak jaso dituen agerraldi eskaeretan ez dio betorik ipini inolako erakunderi. Eta are gutxiago erakunde publikoei. Gauzak honela, oso larritzat jotzen dugu UEMAri ezarritako betoa. Hartutako erabakiarekin, Mankomunitatea bera ez ezik euskalgintza osoa mespretxatu eta gutxietsi dutela uste dugu. Era berean, administrazio publikoen arteko harreman normalizatuak garatu eta elkarlanean aritzeko beharrei bizkar eman diete Nafarroako Parlamentuko ordezkariek.

UEMAri betoa ezarri dioten horiei gogora ekarri nahi diegu, UEMA udalerri euskaldunak biltzen dituen erakunde publikoa dela. Mankomunitateko kide diren 72 udaletatik 14 dira Nafarroakoak. Nafarroako udal horiek, UEMAk, goi mailako hainbat administrazio publikok eta beste hainbat gizarte eragilek elkarlanean dihardugu. Administrazio publikoa euskaldundu, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu eta euskararen arnasguneak sendotu eta hedatzeko helburuarekin.

UEMAk egiaztatutako esperientzia dauka udalen euskalduntzean. Mankomunitateko kide diren hainbat udalek frogatu dute administrazio publikoan ere euskaraz funtziona daitekeela. Udal horiek erreferentzia dira herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko orduan.

Bitartean, Nafarroako Gobernuak gure herrietan daukagun errealitate soziolingusitikoa onartu gabe jarraitzen du. Ez ditu ikusi nahi Nafarroan euskarak dituen arnasguneak. Ez gaitu kontutan hartu nahi euskaraz bizi nahi dugun Nafarroako herritarrak. Eta horregatik, Nafarroako euskararen arnasguneak ezabatu eta desagerrarazteko politikak ditu abian. Euskararen lege murriztaileak herritarrei onartzen dizkigun hizkuntza eskubideak ere ez ditu errespetatzen. Horren adibide da nagusiki euskaraz bizi diren udalerrietan ere euskarazko zerbitzu publikorik ez bermatzea.

Larria da Nafarroako euskaldunok bizi dugun egoera. Eta UEMAk, Nafarroako hainbat udalekin elkarlanean, herritarrek euskaraz bizitzeko duen borondateari arnasa eman nahi dio. Bide horretan,  UEMAren izenean Nafarroako Parlamentuko bi lan saiotan parte hartu genuen, 2013ko azaroaren 14an. Mankomunitateak UEMAko udalerrietako liburutegi eta osasun etxeetan eskaintzen diren zerbitzuen gaineko egindako azterketa eraman genuen parlamentura. Hizkuntzaren ikuspegitik dauden gabezia nabarmenak azaleratu eta euskarazko zerbitzuak bermatzeko neurri zehatzak proposatu genituen.  Era guztietako erantzunak jaso genituen orduan, ezezko borobilak, dudakoak eta baiezko argiak. Gaiari lotuta EH bildu eta NaBai talde parlamentarioek aurkeztutako mozioak ere ez zuen behar besteko babesik jaso Parlamentuan.

Zailtasunak zailtasun, jaso berri dugun betoarekin ere ez dugu bidea agortutzat emango. Udalak, herritarrak eta hainbat eragilerekin eskuz esku jarraituko dugu herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu eta euskararen arnasguneak sendotzeko bidea urratzen. EhBildu eta NaBai talde parlamentarioak ditugu bidelagun eta eskertu nahi diegu egiten ari diren ahalegina. Baina gaurdaino eraiki ditugun elkarlanerako zubien gainetik, aipatu helburuen mesedetan lan egin nahi duen ororekin aritzeko prestutasun osoa ere agertu nahi dugu. Sinetsita baikaude, pixkanaka, indarrak metatuz euskararen arnasguneak zabalduko ditugula Nafarroan eta Euskal Herri osoan.

 

Eneka Maiz eta Jon Abril (UEMAko Zuzendaritza Batzordeko kideak) 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.