Herriko anbulatorioan, ordezkapena egiteko, familia mediku erdalduna kontratatu izana salatu du Natul Azpeitiko euskara taldeak. Prentsa oharrean salatu dutenez, lau familia medikuren ordez hartu dute langilea, baina hark ez daki euskaraz. Gertakariaren harira, “kezka eta haserrea” adierazi du euskara taldeak, eta Osakidetzari eskatu dio “ahalik eta azkarren, kontratua berrikusi, eta arazoari irtenbidea emateko”.
Natul euskara taldeak esan du “herritarren hizkuntza eskubideak urratuko” dituztela neurri horrekin, eta “erdara nagusi den eremua” sortuko dutela herriko osasun etxean. Bestalde, Azpeitiaren arnasgune izaera nabarmendu dute, eta azaldu dute azpeitiarrek osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko “eskubide osoa” dutela.