Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, guztira, 79.677 herritarrek egin dute 2013ko errenta aitorpena UEMAko udalerrietan, eta horietatik 19.756 (%24,8) izan dira euskaraz egin dutenak.
Iaz baino herritar gehiagok egin dute errenta aitorpena euskaraz (ia bi puntu). Izan ere, 2012an aitorpena egin zuten 80.539 herritarretatik 18.527k egin zuten euskaraz (%23). 2011n, berriz, %20,9 izan ziren euskaraz egin zutenak.
Apirilean egin zuen UEMAk “Errenta aitorpena euskaraz” kanpaina. Udalekin elkarlanean, UEMAko 72 udalerrietan etxez etxe banatutako esku orrien bitartez egin zuen errenta aitorpena euskaraz egiteko deia Mankomunitateak. Emaitzak ikusita balorazio “positiboa” egin du Maren Belastegik, UEMAko lehendakariak.
Belastegik gogora ekarri du UEMAren helburua dela herritarren eta administrazioaren arteko harremanak euskaraz izan daitezen lortzea. Eta, bide horretan, “egiteko asko geratzen bada ere, beste urrats bat ematea lortu da. Errenta aitorpena euskaraz eginda, euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar da, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrek osotasunean euskaraz bizitzeko hautua egitea. Udalerri euskaldunetako herritarrok eredu eta aitzindariak izan gaitezke horretan”.