Hasiera » udalerriak » Bermeoko Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko banketxeekin egindako lana oso ondo baloratu du

Bermeoko Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko banketxeekin egindako lana oso ondo baloratu du

Bermeoko Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko aurten martxan jarritako kanpainak berritasun bat izan du, hain zuzen ere, aurten Euskara Saileko ordezkariak Bermeon errenta aitorpena egiten duten bost banketxeetako zuzendariekin harremanetan jarri dira errenta aitorpena euskaraz egiteko erraztasunak eman ditzaten eta lan hori “oso ondo” baloratu du Udalak.

“Banketxe hauetako zuzendarien harrera oso ona izan da kasu guztietan eta guztiak inplikatu dira errenta aitorpena euskaraz egiteko lanean”, adierazi du Maite Alvarezek, Bermeoko Udaleko Euskara teknikariak. Bere esanetan, “lan honek bere emaitza positiboak izan ditu”.

Horrela, azaldu duenez, errenta aitorpenaren kanpaina bukatu ostean, berriro ere bildu ziren aipatutako bost banketxeetako zuzendariekin eta orokorrean datuak oso positiboak izan dira.

Alvarezek adierazi duenez, lehen euskaraz errenta aitorpenak egiten ez ziren bi banketxetan aurten egitea lortu da, euretariko baten aitorpenen %33a euskaraz egitea lortu da eta beste baten %16a. Beste banketxe baten datuak oso onak izan dira, izan ere, aitorpenen ia erdia euskaraz egin dira.

“Aldiz, beste baten ez dira datuak hain onak izan baina datu hauek arduraz hartu dituzte eta datorren urtera begira hauek hobetzeko ideia berriak martxan jartzea aurreikusten dute”, gaineratu du.

Banketxeekin egindako elkarlanaren balorazio “oso positiboa” egin du Euskara teknikariak. “Alde batetik, herritarrak aitorpenak euskaraz egitera animatu direlako eta, beste alde batetik, banketxeek ere errenta aitorpenak euskaraz egiteko beharra ikusi dutelako eta bide honetan sakontzen jarraitzeko borondatea agertu dutelako”, azpimarratu du.

Euskara teknikariak zehaztu duenez, orain datu orokorrak falta dira balorazio sakonago bat egiteko baina “oso pozik” gaude banketxeekin batera egindako lanarekin eta “honela jarraitzea espero dugu”.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.