Hasiera » udalerriak » Tolosako osasun zentroan ez dela euskarazko zerbitzurik bermatzen salatu dute

Tolosako osasun zentroan ez dela euskarazko zerbitzurik bermatzen salatu dute

Ez gara bigarren mailako herritarrak

Kezkatuta gauden herritarrak gaituzue, kezkatuta Osakidetzan azken aldian eman diren atzerapausoekin.

Tolosako biztanleen gehiengoa euskaraz komunikatzeko gai da. Haur eta gazteen artean euskararen ezagutza ia erabatekoa da eta erabilera asko igo da. Osasunez hobetzen ari den euskarari, ordea, osasungintzan hainbat ate itxi dizkiote.

Hiru pediatra ditugu, bi euskaldun elebidun eta erdaldun elebakar bat. Pediatra euskaldun batek amatasun baja hartu du, ordea, eta ordezkapena egitera pediatra erdalduna ekarri dute. Momentu honetan, beraz, bi pediatra erdaldun eta euskaldun bakarra ditugu. Tolosako egoera da hau eta 2014. urtean gaude, hau da, eskualde euskaldun batean eta euskaldunoi hizkuntza eskubide batzuk onartu zizkigun Euskararen Legea onartu zenetik 31 urte pasata.

Bestalde, pediatrarena nahikoa ez eta arratsaldez, gauez eta asteburuetan arreta eskaintzen duen medikua ere ez da elebiduna momentu honetan, elebidun baten ordezkoa hau ere.

Ondorioz, gure intimitatearen berri ematerakoan, gaztelerara jo beharrean gaude. Gai delikatua da osasuna eta oso larria euskaraz tratatu ezin izatea. Gertutasuna, konfiantza eta erraztasuna mugatzen dizkigu gure hizkuntzan tratatu ezin izateak, esan nahi dugun hori gure buruan itzultzen aritu behar izateak, hitz egokia ez topatzeak, seme-alabek esandakoa itzuli behar izateak.

Sarriegi men egiten dugunaren sentsazioa dugu. Osasunaz hitz egitean, gure oinarrizko eskubideaz ari gara, eta ez gaude prest bigarren mailako herritar moduan tratatuak izateko. Gai hauekin kezkatuta gauden batzuk bilera bat egitera goaz irailean, berriro horrelakorik gerta ez dadin lanean hasteko.

Parte hartu nahi duenak hona idatzi besterik ez du: koordinatzailea@galtzaundi.com

Bitartean, uda osasuntsua izan!

Idoia Olano (Anoeta eta Irurako euskara teknikaria)
Iñaki Azaldegi (Tolosako Udaleko Euskara zerbitzuburua)
Leire Urrestarazu (Zelaria)
Xabier Saizar (Galtzaundi Euskara Taldeko lehendakaria)
Irantzu Mantxo (Irakaslea)
Mari Mujika (LAB sindikatuaren koordinatzailea)

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.