Hasiera » hizkuntza politika » UEMAK kezka agertu du EHUk antolatutako udako ikastaroetan eskaintza osoaren %16,21a bakarrik izango delako euskaraz

UEMAK kezka agertu du EHUk antolatutako udako ikastaroetan eskaintza osoaren %16,21a bakarrik izango delako euskaraz

EHUko  udako ikastaroetan, urtero moduan askotariko gaiak jorratuko dira. Zinez interesgarriak izango diren gaiak guztiak. Baina UEMAK, dagokionari lotuta, begirada berezia jarri du euskararen presentzian. Orotara 370 ikastaro eskainiko dira eta horietatik 60 izango dira euskaraz, hau da, eskaintza osoaren %16,21.

Hori horrela, Euskal Herriko errealitate soziolingustikoarekin bat ez datozen datuak direla deritzo UEMAk. Izan ere, EAEn biztanleen  %36,4k daki euskaraz, hortaz,  datu horrek ez du bat egiten EHUn euskarak izango duen presentziarekin.

Aipatzekoa da EAEn eta Nafarroan badirela herriak non bertako herritarrak nagusiki euskaraz bizi diren, zehazki 188  dira bertako herritarren %70etik gora euskaldunak direnak.  Horietatik 72 Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko – UEMA – kide dira. Mankomunitatearen helburu nagusietako bat da bertako herritarren bizitza publiko zein pribatua euskaraz izan dadin bideak urratzea. Herriotako biztanleek hainbat zerbitzu herriz kanpo jaso behar izaten dituzte, unibertsitatea da zerbitzu horietako bat. Eta UEMAren arabera, “aipatutako helburua lortzeko bidean oztopoa da EHUren udako eskaintza”.

Horregatik, ondoko eskaria luzatu zion UEMAK EHUri: “Herritarrek erakunde publikoetatik antolatzen diren ikastaroak euskaraz egiteko duten eskubidea bermatzeko bidean, aurrerantzean antolatuko diren EHUren udako eskaintzetan euskararen presentziak nabarmen gora egin dezan behar besteko neurriak har ditzatela”.

EHUren erantzuna

UEMAk egindako eskariari emandako erantzunean udako ikastaroak antolatzeko prozeduraren nondik norakoak argitu ditu EHUk. Eta argi utzi nahi izan du EHUk lanean jarraituko duela euskarazko ikastaroen eskaintza handitzeko.

“EHUko udako ikastaroak antolatzeko prozedura honakoa da: lehenik eta behin ikastaroak eskaintzeko aukera ematen da eta aukera hori zabaldu. Horren ondoren jasotako eskaera guztiak aztertu eta batzuk onartzen dira”.

“Euskarazko eskaintzari dagokionez eskaini ziren ikastaroen %90 onartu ziren (gaztelaniazkoen artean portzentaje hori askoz txikiago izan zen), horretarako hainbat irizpide erabili zirelarik (eta euskaraz izatea gehigarri moduan kontuan izan zen); ondoren, gertatu ohi da eskainitako ikastaro horietako zenbaitetan oso matrikula urria egotea eta bertan behera geratzea, baina hori ez da unibertsitateak eskaintza egin ez duelako”.

“EHUk euskarazko ikastaroen aldeko apustua egin du, horietarako errekurtso gehigarriak erabiliz, eta gaur egun euskarazko ikastaroen portzentajea igotzeko modu bakarra gaztelaniazko ikastaroak kentzea besterik ez da (izan ere, euskaraz emateko prest dauden ia guztiak onartzen baitira arestian aipatu bezala). Ez dugu uste erabaki horrek euskarari ez euskaldunei laguntzen dienik, eta horregatik, aurreko urtetan bezala, EHUk lanean jarraituko du euskarazko ikastaroen eskaintza handitzen”.

“Euskal Herriko Unibertsitateak ardura osoz jokatzen du eta gure esku dagoen neurrian, jarraituko dugu euskararen presentzia bermatzen, giza eta diru-baliabide asko erabiltzen ditugu horretarako eta bide beretik segituko dugu aurrerantzean ere”.

Datuak

EHUko udako ikastaroen eskaintzan orotara 370 ikastaro eskainiko dira. Bada, ikastaro horietatik guztietatik 60 izango dira euskaraz, hau da, % 16,21.

  • lkastaro eta mintegiak: guztira 174, euskaraz 32 (% 18). 
  • Kongresuak: guztira 17, euskaraz 1 (% 9).
  • Elkarguneak: guztira 9, euskaraz 2 (% 22).
  • Eskolak: guztira 12, euskaraz 0 (% 0).
  • Jardunaldi profesionalak: guztira 8, euskaraz 1 (% 12).
  • Tailerrak: guztira 10, euskaraz 2 (% 20).
  • lrakasteko ikasten: guztira 29, euskaraz 7 (% 24).
  • Gizarte auziak: guztira 22, euskaraz 31 (% 4).
  • Osasuna: guztira 23, euskaraz 1 (% 4).
  • lkastaroak guztiontzat: guztira 47, euskaraz 13 (% 27).
  • Bilbo: guztira 16, euskaraz 0 (% 0).
  • Gasteiz: guztira 3, euskaraz 0 (% 0). 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.