Zumaiako anbulatorioan euskaraz ez dakiten mediku eta pediatra bana jarri zituen Osakidetzak. Egoera horren aurrean, guraso talde batek sinadurak bildu zituen. Zumaiako Udala bere aldetik, Osakidetzarekin harremanetan jarri zen afera konpontzeko eskaria luzatzeko. Osakidetzak egoera konpondu du, mediku eta pediatra euskaldunak ekarri ditu.
Herritar ugari, tartean hainbat guraso, elkartu dira Zumaian egindako prentsa agerraldian. Ihintz Linazisorok hartu du hitza gurasoen izenean, Zumaiako alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kide den Iñaki Agirrezabalagak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriatik ere hitz egin dute. Hirurak pozik agertu dira beren eskaerei erantzun positiboa eman eta zumaiarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko urratsa eman delako.
Ihintz Linazisorok hainbat guraso eta herritarren izenean irakurri du oharra. Bere esanetan “Zumaiako haur gehienek ez dute gaztelera menderatzen koskortzen diren arte. Haurrentzat, sarritan, ez da batere erraza izaten medikuarengana joatea, batzuk estutasun handiz joaten dira eta estuasun horretan gainera, beraiek ezagutzen ez duten hizkuntza bat entzuteak (gaztelera), oraindik eta gehiago estutzen, urduritzen eta larritzen ditu. Gure haurrek beraien beldur, estuasun eta guzti, ahots goxoz, hitz ulerkorrez hitz egingo dien norbaitek artatuak izan daitezen merezi dute. Beraien osasuna baino gehiago dago jokoan, elkar ulertuak izateko eta sentitzeko dugun beharra. Ulertzen digutela eta ulertzen diegula sentitzeko beharra”.
“Beraz, gustura gaude, profesional euskaldunak etorri direlako herrira. Ez dugu ordea, esan gabe utzi nahi oraindik ere badela herrian pediatra bat euskaraz moldatzen ez dena eta oporrak ordezkatzera datorren medikuak ere askotan ez duela jakiten euskararik”.
Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak gogora ekarri du Zumaia udalerri euskalduna dela. “Zumaian euskaraz bizi gara, euskararen arnasgune sendoa da gure herria”. Pozik agertu da eta eskertu du Osakidetzak afera lehenbailehen konpontzeko egindako ahalegina. Baina sortutako arazoak konpontzen ibili baino, “beste hainbat arlotan bezala, hizkuntza politikan ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu behar dira”.
“Zumaiako Udalaren eta UEMAren helburua da herritarren bizitza sozial zein pribatu osoa euskaraz izan dadin bideak urratzea. Osasungintza euskalduntzeak helburu horren gauzapenean berebiziko garrantzia hartzen du. Izan ere, egunero milaka herritarrek jasotzen dituzte osasun zerbitzuak, eta gainera, Osakidetza Euskal Herriko lantegirik handienetarikoa izaki, milaka langileren euskalduntzean eragin dezake”.
Garbine Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko ordezkariaren arabera “Zumaian gertatutako hau, Osakidetzan eta osasun alorrean, orokorrean gertatzen den zerbait da”. “Osakidetzan langile elebidunen kontratazioan hutsune handia dago oraindik. Hutsune hau, gainera, are gehiago okertzen da ordezkapenen kasuan, izan ere, uda garaian egiten diren ordezkapenetan ez dira hizkuntza-eskubideak aintzat hartzen. Ordezkatzen den lanpostu horrek ezarrita duen hizkuntza-eskakizuna ere ez da aintzat hartzen eta ondorioz, langile elebidunak erdaldunekin ordezkatzen dira”.
Petriatik salatu duenez, administrazioak, kasu honetan Osakidetzak, ez ditu hartzen herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko dagozkion neurriak. “Ildo honetan, aukera bat galdu berri du Osakidetzak, izan ere, orain dela hilabete gutxi egin du 2. Plangintzaldia eta ez du kontuan hartu aurrekoak eman dituen ondorioak eta berriz ere, beste urte batzuetan egoera hau luza dadin eragiten ari da”.