Hasiera » hizkuntza politika » Uztaritzeko Herri Kontseiluak euskara hizkuntza ofizial izendatzeko hartutako erabakia txalotu eta babestu du UEMAK

Uztaritzeko Herri Kontseiluak euskara hizkuntza ofizial izendatzeko hartutako erabakia txalotu eta babestu du UEMAK

uztaritzeEuskara normalizatuko bada, erabaki ausartak hartu behar dira. Eta horixe da, hain justu, Uztaritzeko  Herri kontseiluak euskara hizkuntza ofizial izendatuta egin duena. Euskarari dagokion estatusa aitortu eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko bideari lotu zaio Uztaritzeko Herri Kontseilua.

UEMAk, erabakia txalotzearekin batera, babes osoa erakutsi nahi dio Uztaritzeko Herri kontseiluari. Gainera, euskarak aitortza ofizialik ez duen eremuko administrazio guztiei antzeko erabakiak hartzeko gonbita luzatu nahi die. Izan ere, Uztaritzeko Herri Kontseiluak hartutako erabakia eredugarria da euskara sustatu eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko konpromisoa erakusten duelako. Ipar Euskal Herrian neurri horretako konpromisoa hartu duen lehen Udala da Uztaritzekoa, eta bide horretan, laguntzeko prest gaude Uztaritzekoa eta gainerako Udalak ere.

Patrick Dallennes suprefetak erabakia epaitegira eramango duela jakinarazi du dagoeneko. Suprefetak, Uztaritzeko Herri Kontseiluak demokratikoki hartutako erabakia anulatu nahi du, eta beste behin, euskararen aurkako erasoa antolatzeari ekin dio. Horrela, herritarren hizkuntz eskubideak gutxietsi eta euskara sustatzeko neurriak zangotrabatu dituzte, beste behin. Eta agian, erabakia baliogabetu ahalko dute, baina hartutako konpromisoak ate berriak irekiko dizkio euskarari  eta hori ezingo dute eragotzi.

UEMAK ere, euskararen aurkako hainbat erasori egin behar izan dio aurre.  Hainbat oztopo gainditu behar izan ditugu. Oraindik orain, jasaten ari garen euskararen eta UEMAren aurkako erasoak dira horren adibide. Baina, frogatu dugu, borondatea izanez gero, administrazioan ere euskaraz funtzionatu daitekeela. Aitzitik, UEMAko udal asko euskaraz funtzionatzeko gai dira, gaur egun. Eta Hego Euskal Herriko 72 udalerri euskaldun biltzen dituen Mankomunitateak egiaztatutako esperientzia lortu du udalen euskalduntzean.

Oztopoak oztopo, euskararen arnasguneak sendotu eta hedatzeko konpromisoarekin lanean dihardugu. Eta uste dugu, garrantzitsua dela euskara normalizatu nahi duten eragile eta instituzioen arteko elkarlana. Baita, euskararen aurkako erasoei erantzun bateratu eta zabala ematea ere. Horregatik, euskararen bidea urratu nahi dutenei eskua luzatu nahi die UEMAk. 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.