Hasiera » Administrazioa » Sendagile euskaldunak eskatu dituzte Zumaiako hainbat eragilek

Sendagile euskaldunak eskatu dituzte Zumaiako hainbat eragilek

Zumaia herri euskalduna da, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea. Bertako herritarren %70ak baino gehiagok daki euskaraz, eta ondorioz, nagusiki euskaraz bizi dira bertako herritarrak.

Azken asteotan Zumaiako Osasun Zentrora familiako medikua eta pediatra berriak etorri dira eta biak ere euskaraz ez dakitenak dira. Hori dela eta, Udaleko Euskara Zerbitzuan hainbat herritarren kexak jaso dira eta hedabideetan ere izan du oihartzunik gaiak. Aipatutakoez gain, haurdun dauden emakumeei banatzen zaien materiala ere gaztelera hutsean dagoela adierazi dute erabiltzaileek.

Horren aurrean, Josune Herrarte, Udaleko euskara teknikaria eta Iñaki Agirrezabalaga, Zumaiako alkatea eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kidea, Zumaiako Osasun Zentroko arduradunarekin bildu dira. Herritarren kexak jakinarazi eta Udalaren kezka helarazi dizkiete Agirrezabalagak eta Herrartek. Horrez gain, idatzi bat entregatu die egoera lehenbailehen konpontzeko eskatuz eta osasun barrutiko gerenteari ere beste kopia bat helaraziko die.

Zumaiako euskararen mahaian ere hitz egin dute gaiaz, eta partaide guztiak ados daude egoera gainditzeko zerbait egin behar dela esaterakoan. Lubaki guraso elkartekoek ere hartu dute iniziatiba eta sinadura bilketa egingo dute. Ondoren, jasotako sinadura guztiak Osakidetzara bidaltzeko asmoa agertu dute, bertako arduradunek ikus dezaten gurasoak ere kezkatuta daudela.

UEMA, Kontseilua, EHE, Euskaltzaleon Topagunea eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak elkarlanean dihardute osasun zerbitzuen euskalduntzea lortzeko. Nazio mailako lantaldeak kezka agertu du Zumaiako kasuaren aurrean. Izan ere, aurrera bidean urratsak eman ordez, atzerakada nabarmena eman baita aste gutxiren buruan. Gauzak honela, Zumaiako eragileekin harremanetan jarriko dela jakinarazi du, eta era berean, osasun zerbitzuak euskalduntzeko helburuarekin egiten den ekimen orok beren babesa izango duela.

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.