Hasiera » Administrazioa » Aramaioko ordezko medikua ere euskalduna izan dadin eskatu dute

Aramaioko ordezko medikua ere euskalduna izan dadin eskatu dute

aramaio

Aitor Montes Aramaioko medikua da, 2010. urtetik. Ondo ezagutzen ditu Aramaioko herritarrak. Eta bera ere euskalduna izaki, jakin badaki, medikua eta pazientearen arteko komunikazioa egokia izan dadin, beharrezkoa dela  Aramaioarrek mediku euskalduna izan dezaten. Gauzak horrela, pasa den urtean, bere oporraldian ordezkatuko zuen medikua euskalduna izan zedin eskatu zien Montesek Osakidetzako arduradunei. Bere eskaerak, ordea, ez zuen erantzun positiborik eduki; izan ere, hizkuntza irizpideak kontutan hartu gabe, euskaraz ez zekien medikua bidali zuten Montesen ordezkapena egitera.

 Gertatutakoa errepikatuko den beldur, Aitor Montes medikua, Udala, UEMA eta herritarrak prentsa agerraldian agertu dira Aramaioko ordezko medikua ere euskalduna izan dadin eskatzeko. Osakidetzari ofizialki eskatu diotenaren berri eman dute horrela.

Ramon Ajuria, Aramaioko alkatearen arabera, “onartezina litzateke bigarren urtez euskaraz ez dakien medikua ezartzea”. Osakidetzako arduradunek Aramaioko herritarren beharrak kontutan hartuko dituztelakoan, baikor agertu da. “Guztiz logikoa eta beharrezkoa da egindako eskaera”. 

Maren Belastegi, UEMAko lehendakariak, bere aldetik, gogora ekarri du hainbat udalerri euskaldunetan antzeko egoerak gertatzen direla. “Administrazioaren betebeharra da zerbitzu publikoak euskaraz izan daitezen bermatzea”. Baina zoritxarrez, udalerri euskaldunenetan ere ez daude guztiz bermatuta euskarazko osasun zerbitzuak. Horregatik, “Aramaioko herritarren eskaerari erantzun positibo bat eman, eta lehenbailehen, udalerri euskaldunetako osasun zerbitzuak euskaraz ere izan daitezen bermatzeko neurriak hartzeko exijitzen diegu Osakidetzako arduradunei”. 

 

 

 

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.