Tolosaldeako hainbat alkate eta zinegotzik bat egin dute, ekainaren 14an, Tolosan, ospatuko den Udalerri Euskaldunen Egunarekin. Tolosaldea eskualde euskalduna dela gogora ekarri eta euskararen arnasguneak sendotu eta hedatzearen garrantzia azpimarratu dute. Udaletatik abiatuta euskara sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute udal hautetsiek, baita euskararen arnasguneak sendotu nahi dituen ororekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu dute.
Aurreratu dutenez, Udalerri Euskaldunen Egunean hainbat udalerri euskaldunetako alkate eta zinegotziek adierazpen bateratua plazaratuko dute. Asko dira, “Euskarak batzen gaitu” adierazpenarekin bat egin duten ordezkariak, eta horietako asko, jada alkate eta zinegotzi ugarik konfirmatu dute, adierazpena babestera joango dira Tolosara, ekainaren 14an. Horrela, udalerri euskaldunek euskararen normalizaziorako duten garrantzia azpimarratu nahi dute. “Udal ordezkariok aitzindari eta bide urratzaile izan nahi dugu euskararen sustapenean. Hori da gure konpromisoa. Baina, bide horretan, udaletatik harago, goi administrazioaren babesa ere behar-beharrezkoa zaigu”.