Hasiera » udalerriak » Oiartzungo merkatari eta ostalarien euskara maila hobetzeko eskolak baliagarriak izan direla diote parte hartzaileek

Oiartzungo merkatari eta ostalarien euskara maila hobetzeko eskolak baliagarriak izan direla diote parte hartzaileek

oiartzun merkatariOiartzungo Udalak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak martxan duten Euskara Merkataritzara egitasmoaren baitan, merkatari eta ostalarien euskara maila hobetzeko eskolak antolatu dituzte. Besteak beste, Christian Gonzalez Arraguako Alhambrako tabernariak eta Patxi Fernandez Odriozolako gozogileak hartu dute parte. Dakiten euskara hobetzeko egin duten ahalegina euren establezimenduen eta bezeroen mesedetarako izango da.

Eskolak Intxixu AEK euskaltegian jaso dituzte, Jexux Olaziregi irakaslearekin. Duela bi aste bukatu zituzten saioak. Parte hartu duten bi merkatari elkarrizketatu ditugu.

Zergatik animatu zineten ikastaroa egitera?

CHRISTIAN GONZALEZ: Euskaraz ikasteko eta pixka bat hitz egiteko. Hori da arrazoi printzipala. Guk ez dakigu euskaraz, zaila da, baina… saiatzea.

PATXI FERNANDEZ: Hitz egiten askatzeko. Lehenengo aldia da euskaltegira natorrela.

Gustura egon zarete eskoletan?

PATXI: Ni gustura sentitu naiz. Irakaslea oso ongi aritu da bere lanean.

CHRISTIAN: Oso pozik. Aurreko urtean jende gehiago ginen eta nire ustez hobeto zen. Irakaslea ere oso jatorra da, oso ondo ulertzen zaio, dena esplikatzen du oso ondo.

Balio izan dizue ikastaroak?

PATXI: Praktikatzeko bai.

CHRISTIAN: Pixka bat soltatzeko. Lanean saiatzen naiz euskaraz egiten, baina gauza justuak: Ebakia, kobratu… Pixkanaka gehiago ari naiz hitz egiten. Ulertu hitz egin baino gehiago egiten dut. Hitz egitea zaila egiten zait.

Zuen bezeroek ba al dakite euskara klaseetara etorri zaretela?

CHRISTIAN: Bai! Egunkarian ikusi dute. Jende askok komentatu dit: “hara, euskara ikasten ari zara!”. Jendeak animatu egiten gaitu.

Animatuko al zenituzkete Oiartzungo beste merkatari eta ostalariak euren euskara maila hobetzera?

CHRISTIAN: Bai, nik denak animatuko nituzke. Datorren urtean segitu badaiteke, hori da nire asmoa. Zazpi-zortzi-bederatzi elkartuko bagina, hobeto izango litzateke: galdera gehiago egongo lirateke, jolasteko aukera gehiago… Denbora gutxi du jendeak, beti korrika ibiltzen gara.

PATXI: Dudarik gabe. Nik ere segitu nahi nuke.

 

 

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.