Mapak, norabideak eta bideak, udalerri euskaldunak helburu
Hona Harluxet hiztegiak mapa hitzari buruz galdetuta erantzuten diguna: edozein aldagaik lurrazalean edo honen zati batean duen banaketa irudikatzen duen adierazpide grafikoa. Mapak gainera, helmuga lekuak aurkitzeko eta horietara nola heldu jakiteko baliatu ohi ditugu. Herriren batera joateko, mendi batera igotzeko, bizikletan buelta bat emateko… Halakoxea da gehienok mapei ematen diegun erabilera ohikoena, ziurrenik. Bada ordea, bestelako maparik. Dirudienez, norabide edo ipar argiegirik eta are gutxiago, ibilbide argiegirik ematen ez duen mapa. Izena bera xelebrea du eta horren inguruan jasotako ikuspegi desberdinek ere halakoxe iritzia sortuko dio bati baino gehiagori. Honezkero ez badakizue, mapa soziolinguistikoaz ari gara.
Duela hilabete pasatxo aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko V. Mapa Soziolinguistikoa, nahiz eta datuek 2011ko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuan duten bere jatorria. Mapa horretan, ez duzu beraz, errepide edo ibilbiderik topatuko, euskararen egoeraren adierazle diren hainbat aldagairen (gaitasuna, lehen hizkuntza, etxeko erabilera…) inguruko datuak baizik. Horrek ere badu, ordea, mapa funtziorik. Izan ere, etorkizuneko helmugak, erronkak eta bideak argitzen lagungarria suertatu liteke. Aldiz, lehendik esan bezala, horren inguruan kaleratu diren iritziak, balorazioak eta ikuspegiak ezagututa, ez dirudi guztiok mapako ibilbideak edo eskala edo… dena delakoa berdin ikusten dugunik.
Dena ez da, ordea, zenbat buru hainbat aburu. Bada adostasun argitarako alderdirik. Bada, denok begiz jotako, denok bat egiten dugun arreta gunerik. Bateratasuna deigarria suertatzen denez gurean, garrantzia eman beharreko zerbait dela dirudi. Eta zertan jarri ditugu bada, atentzio fokuak guztiok: arnasguneetan, hain zuzen. Udalerri euskaldunen edo arnasguneen inguruko bilakaera izan da guztion kezka «adostu» duena.
Antza, hizkuntza normalizazio prozesuak aski erakutsi digu jada arnasguneen beharraz, hauek indartu eta hedatzearen garrantziaz ohartzeko. Ikasi dugu euskara gaitasun hutsa nahikoa hutsa dela berau erabiltzeko espazioz bete ezean. Euskara beharrezkotzat jo gabe jai dugula honen normalizaziorako ametsekin. Ikasi dugu norberaren erabilera ez dela hautazko ez eta hautuzkoa ere gehienean, gizarte arauek, hegemoniak edo nahi den bezala dei dezakegunak hizkuntza erabilera bat edo beste izatea eragiten duela. Eta horiek guztiak erdarek aldeko duten itsaso zabalean, arnasguneak direla horietan guztietan euskararen aldeko baldintzak eskaintzen dituzten eremuak.
Eta, mapak zer argazki erakutsiko eta arnasguneak galtzen ari direla. 1981ean EAEn zeuden 79 arnasguneetatik 18 gutxiago daudela 2011n. Nola gertatu daiteke bada, halako odolustea? Nola hain atzerapauso mingarria, hizkuntza politika 30 urtez abian izan duen lur eremuan? Galdera potoloek ohi dutenez, ez du ziurrenera erantzun bakarra. Egungo bizimoduaren bilakaera soziokulturalak, globalizazio prozesuak, teknologia berriek… eta abar luze batek izango zuen eragina ziur. Bai, baina, guk egin genezakeenetik zer egin dugu hori gertatu ez zedin? Zein hizkuntza politika garatu da? Zein bide jorratu da arnasgune horiek sendotzeko, zaintzeko eta berriak eraikitzeko? Galdera hauen atzean ez dugu guk erantzun baikorretarako oinarririk. Hizkuntza politika denean dagoela esan izan dugunean, hizkuntza politikarako sailera mugatu ezin den kontua dela esan izan dugunean, arnasguneen bilakaerak erakutsi digu hori argien. Garatu diren etxebizitza politiketan, garraio politiketan, zerbitzu azpiegituretan… izan al du baten batek gogoan arnasgune hauen errealitatea? Berriz ere, zalantzak nagusi. Bada, nola ekidin arnasgune hauen ahultzea, joera orokorrak kontran eta hizkuntza politika orokorrak ere laguntzen ez duenean? Miraria litzateke kontrako joera. Beraz, mirarien zain egon gabe, pentsa dezagun zer egin dezakegun arnasguneak sendotu eta areago, ingurura hedatzea nahi badugu. Bai, arnasguneak sendotzeaz hitz egiten dugunean, berauek hedatzeaz ere hitz egiten dugu. Arnasguneetako jendea inguruarekin gero eta hartu-eman estuagoan (aipatutako garraiobideak, teknologia berriak… bitarteko) bizi denez, arnasguneak hedatzea da horiek sendotzeko modurik eraginkorrena. Arnasguneak sendotu egingo baitira bertako biztanleek arlo guztietan euskaraz bizitzeko aukera duten neurrian (herritik aparteko arnasguneetan ere). Modu berean, sendotu egingo baitira, euren inguruan erdararen eragina izan ordez, arnasgune euskaldun berrien eragina izanez gero.
Esandako bidetik, hizkuntza politikaren ikuspegi miopea zabaltzeko garaia dugu. Arnasguneek eurek horretarako bide ematen digute. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) garapen soziokulturalaz eta sozioekonomikoaz hitz egiten badu, aintzat har ditzagun arlo soziokulturala eta sozioekonomikoa lantzen duten sailetatik bultzatzen diren hizkuntza politikak.
Bide horretan, arnasguneak osatzen eta hedatzen ahalegin betean aritutako Iñaki Arregik utzitako irakaspenei jaramon egin diezaiegun: «Euskaraz gero eta gune handiagoetan izatea ez da berba gutxitu honi dagokion `pribilegioa’, berau normalizatzeko modu bakarra baizik […] euskararen garapena normala izango ez bada ere, legearen edalontzia gainditzea tokatzen zaigu eta jakina, orain dugun legea beste marko batean egoten dena ere ez da beteko presio sozialik gabe». Arnasguneen hedapena legez eta epaileen bidez galgatu nahian dabiltzanen aurrean beraz, Iñakik marraztutako ibilbideari segituz, sustatu ditzagun presio soziala eta lege berriak.
Gu ere euskaraz baikara… edo ez gara. Alda dezagun mapa. Batu ditzagun indarrak udalerri euskaldunen norabidean. Horretarako, ekainaren 14an Tolosan egingo den Udalerri Euskaldunen Egunean izango dugu hurrengo geltokia.