Hasiera » udalerriak » Adunako herritarrek Udalerri Euskaldunen Egunean parte hartzeko deia egin dute

Adunako herritarrek Udalerri Euskaldunen Egunean parte hartzeko deia egin dute

adunaUEEDatorren ekainaren 14an Tolosan ospatuko den Udalerri Euskaldunen Egunaren harira, bertaratzeko deia egiteaz gain, hainbat hausnarketa partekatu nahi izan dituzte, Adunako herritarrek:

Adunan, herritarren % 86,42k daki euskaraz. Ezaugarri horrek berezi egiten gaitu, badakigu, gurean, euskararen egoera Euskal Herriko beste hainbat txokotan baino osasuntsuagoa dela. Oro har, naturaltasunez bizi gara euskaraz. Altzotik dakarkigu euskara, euskaraz ari gara egunerokoan herriko eremu askotan. Horregatik, esan dezakegu, gure udalerria euskararen eta euskaldunon arnasgunea dela.

Adituek diote, hizkuntza bat biziko bada, hizkuntza hori bera nagusi den eremuak behar dituela. Hori dela eta, balorean jarri beharreko ezaugarria dugula zabaldu nahi dugu lau haizetara ekimen honen bidez.

Adunan naturala da euskaraz aritzea, eta askotan ez diogu erreparatzen herria euskaldun mantentzeak duen balioari. Adibide batzuk aipatzearren, zenbat aldiz gertatu zaigu herritik atera eta gaztelaniaz hastea besteak euskaraz jakingo ez duelakoan? Edo kanpotik datorren norbaiti gaztelaniaz egitea, euskara beretzat izango ez balitz moduan?

Azken mapa soziolinguistikoak dio arnasguneak ahuldu egin direla, atzerakada bat jasan dutela udalerri euskaldunenek. Kezka horretaz oharturik, ezinbestekoa iruditzen zaigu  arnasguneak  sendotzeari begirako lana, eta, horretarako, dauden hutsuneen zergatiei erreparatzea eta hutsuneak dauden eremu horietan eragiteko lanei ekitea.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.