Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko duten arazoa dela eta, “Mediku euskalduna nahi dut” ekimena abiatu zuen Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Kontseilua, UEMA, Osasunguoa Euskalduntzeko Erakundea, Euskal Herrian Euskaraz, Topagunea eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin batera.
Eskualdeko euskara batzorde eta taldeek ekimen hori Leitza, Goizueta eta Areson gauzatu dute, horretarako zenbait urrats emanez.
Herri horietako bizilagunei Nafarroako Euskararen Legeak administrazioarekin euskaraz aritzeko eta euskaraz atendituak izateko eskubidea aitortzen die: Herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelera erabiltzeko eta hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute.
Legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubide horiek, ordea, Gobernuak berak ez ditu errespetatzen. Horrela, herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea du xede dinamikak.
Gure eskualdean ekimenak izan duen aldarrikapen nagusia pediatra euskalduna eskatzea izan da, hori delako une honetan gabeziarik handiena eta urte askoan iraun duena. Izan ere, badira 20 urte baino gehiago eskualdeko udal ordezkariek Nafarroako Gobernuarekin gai honen inguruko lehendabiziko bilera egin zutela. Ibilbide luzea du aldarrikapen honek, beraz, baina oraindik ere egin beharra dago, hutsuneak bere horretan dirauelako; salbuespenen bat izan ezik urte horietan guztietan normalean erdaldunekin bete da pediatraren lanpostua.
Ekimen honen urrats nagusia eskualdeko gurasoek sinatu dituzten eskaerak dira. Hori baino lehen gaia eta eskaera gizarteratzeko lana egin zuten antolatzaileek, herritarren testigantza jasotzen zuen bideo bat zabalduz, eskuorri bat argitaratuz, eta ekimenaren berri sare sozialetan, webguneetan eta hedabideetan emanez.
Gizarteratze lan horren ondoren, esan bezala, gurasoek sinatutako eskaerak bildu ziren. Eskaera formala izan da, Nafarroako Gobernuak osasun etxean herritarren eskura jartzen dituen inprimaki ofizialaren bidez egina. Norbanakoek sinatutako eskabide horietan pediatria zerbitzua euskalduntzeko eskaera zehatza egin zaio Nafarroako Gobernuari.
Zehazki, gurasoek sinatutako 171 eskaera bildu dira eskualdean. Horietako 99 Leitzan, 54 Goizuetan eta 18 Areson. Guztiak ere seme-alabak pediatrengana bidaltzeko adinean dituzten gurasoek sinatutakoak. Eskaerak Leitzako osasun etxera eraman dira eta han sarrera zigilua eman eta Iruñera bideratu dira, gai honen inguruko erantzukizuna Nafarroako Gobernuarena eta Osasunbidearena baita. Eskaera egina dago, beraz, eta aurrerantzean ekimenaren antolatzaileek beste urrats batzuk eginen dituzte, Nafarroako beste eskualde eta eragile batzuekin koordinatuta, eskaerak erantzun egokia izan dezan.