Maren Belastegik, UEMAko lehendakariak, eta Iban Arregik, Berria Taldeko kontseilari ordezkariak, egin dute kanpainaren aurkezpena Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean. Hauxe da hitzez hitz agerraldiko testua:
Maren Belastegi UEMAko lehendakaria
Udalerri euskaldunetan nagusiki euskaraz bizi gara bertako herritarrok. Horrela, hizkuntzaren ikuspegitik bereziak dira udalerri euskaldunak. Izan ere, funtzio garrantzitsua bete dute euskararen biziraupenerako. Eta aitzitik, ekarpen ezin hobea egin dezakete euskararen normalizaziorako. Gaur gaurkoz, euskarari dagokionean eredu eta erreferentzia dira udalerri euskaldunak. Eta horrek, nahi eta nahi ez, zeregin berezi bat ipintzen du udalerrion gainean.
UEMAren helburu nagusia da udalerri euskaldunetako herritarrek euren bizitza publiko zein pribatua euskaraz egin dezaten lortzea. Izan ere, euskara normalizatuko bada, bide berriak landu eta gaurdaino arrotzak zaizkion eremuetako protagonista bilakatu beharko dugu euskara. Nagusiki euskaraz bizi arren, udalerri euskaldunetako hainbat eremutan erdarak pisu nabarmena du, hedabideen kontsumoan esaterako.
Gaur, komunikazioaren gizartean bizi garela esaten den honetan, pisu handia dute hedabideek. Errealitatea da, gaur egun udalerri euskaldunetan ere erdarazko komunikabideen kontsumoa euskarazkoen gainetik dagoela; eta horrek nahi edo ez hizkuntza jarreretan ere badu eragina. Horretaz jabetuta, euskarazko hedabideak babestu eta zabaltzerako orduan badugu zer eginik. Euskarazko hedabideek instituzioen babesa behar dute, baita euskalgintza eta eragile sozialen babesa ere, baina batez ere herritarren atxikimendua da behar beharrezkoa.
UEMAk urrats bat egin nahi du bide horretan, eta euskarazko irakurzaletasuna bultzatzearekin batera, euskarazko prentsa kontsumitzera deitu nahi ditu udalerri euskaldunetako herritarrak. Zentzu horretan, udalerri euskaldunetan ere tokiko euskal hedabideek egindako bidea txalotu nahi dugu, eta baita, Berriak euskara hutsezko prentsari begira egindako ibilbidea ere. Horretan du, hain justu, oinarria gaur Berriarekin elkarlanean aurkeztera gatozen kanpainak.
Iban Arregi Berria taldeko kontseilari ordezkaria
BERRIAren eginkizuna da euskarazko hedabideen sarea zabaldu eta sendotzea. Hizkuntza normalizazioa lortzeko behar-beharrezkoa da, norbanakoak eta espazioak euskalduntzea ez ezik, erabileran ere eragitea, eta gaur egungo gizarte komunikatu honetan hedabideek normalizazio prozesuan duten garrantzia erabatekoa da. Euskarazko hedabideak estrategikoak dira, eta hauen sustapenean etengabe eragin beharra dago, herritarrek euskarazko hedabideen aldeko hautua egin dezaten.
BERRIAk tresna bat jartzen du egunero euskaraz bizi gaitezen eta Berrialagun irakurleek eta iragarleek sustengatzen dute proiektua. Eta horretan jarraitu nahi du. Bertako eta munduko berri euskaraz ematen, ahalik eta euskarri gehienetan eta ahalik eta komunitate zabalenaren sustenguarekin.
Baina, sustapenarekin bakarrik ez da nahikoa, kalitatean eta berrikuntzan ere eragin behar da, benetan jendearengana iristea nahi badugu behintzat. Testuinguru horretan, BERRIA berritzera doa maiatzaren amaieran, hainbat hilabetetako gogoetaren ondoren eta sareko zein papereko aldaketak aukera ezin hobea dira, euskarazko hedabideen aldeko mezua zabaltzeko.
UEMA eta BERRIAK eskuartean dituzten datuek diote, arnasguneak izanagatik, udalerri euskaldunetan euskaldun askori kosta egiten zaiola euskarazko prentsara jotzea. Arnasguneetan ere, oro har eta salbuespenak salbuespen, erdara da nagusi komunikazioaren arloan.
Potentzialki irakurle berriak erakartzeko eta euskararen normalizazioan eragiten jarraitzeko dagoen behar eta aukerarengatik, kanpaina egingo du BERRIAk Udalerri euskaldunetan UEMArekin eskuz esku.
BERRIA 15 egunez doan banatuko zaie herritarrei.
– Maitzaren 31tik aurrera argitaratuko den BERRIA berria jasoko dute eskatzen dutenek ekainaren 3tik 15era.
– Kanpaina UEMAren udalerri guztietara zabalduko da, 72 udal, 200.000 herritar.
– Eskuorriak banatuko dira etxez etxe eta kartelak jarriko dira udalerrietan
– Eskaera egiteko bideak: 943-30 43 45 harpidetza@berria.info (izen abizenak, telefonoa eta herria adieraziz)
Kanpainak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango du.