Hasiera » komunikazioa » Mugak hausten

Mugak hausten

imanolharoudaltopAtzo hasita, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean Udaltop Soziolinguistika jardunaldia burutzen ari dira bi egunez. Herri erakundeen barruan euskararen erabilera zabaldu, eta, aldi berean, trinkotzeko eratzen diren planen berrikuntzan murgildu dira parte hartzaileak. Alde batetik, herri administrazioetako euskara teknikarien mundua, eta, bestetik, soziolinguistikaren mundua, hausnar egitera bildu dira gai beraren gainean: “Euskara erabiltzeko planak, elkarrekin berritzen.”

Gaur goizeko saioan, Imanol Haro, UEMAko euskara teknikariak, “Erabilera planak: Mugak hausten” ponentzia aurkeztu du. Besteak beste, hizkuntza politikaren mugak, UEMAk udalen euskalduntzean egindako lana eta etorkizunerako erronkak izan ditu hizpide.  

Udalak euskalduntzeko bidean topatutako muga eta zailtasunak nabarmendu ditu Harok hitzaldiaren sarreran. Bere esanetan, “Hizkuntza politikaren definizio murriztu bat da nagusi. Hizkuntza politikaren arduraduna, eragilea eta erantzulea euskara zerbitzua da, eta bere jarduna euskararen sustapenarekin dago lotuta. Hartara, euskara zerbitzutik at hizkuntza politikak pisu txikia du, eta euskararen egoeran eta euskaldunen inguru soziolinguistikoan eragina duten erabaki potoloenak euskara zerbitzutik at hartzen dira.”

Harok gogora ekarri du UEMAren jardun eremu nagusia bi marko juridikotan bereizita dagoela: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa. “Esparru horietan euskara ofiziala izan arren, ofizialtasun hori ez dago berdin garatuta/barneratuta, eta erakunde publikoek ez dute jarrera berbera…” Euskara teknikariaren esanetan, ezberdintasun horiek zailtasun bilakatzen dira egunerokoan.

Elebitasun orekatu zorrotzaren ereduari lotuta, erdara nagusi den eremurako “lorpen handia” izan daitekeela aipatu du. Aldiz, gune euskaldunean erdararen presentzia indartzea dakar, eta egoera horren aurrean galdera bota du Harok, “badago borondaterik elebitasun orekatu zorrotzetik haragoko ezer egiteko?” Izan ere, Haroren esanetan, “hizkuntza politika borondatezko atxikimenduan dago oinarrituta, ez du derrigortasunaren eremua landu edo ez dago derrigortasunaren eremua lantzeko aukerarik. Eta horrek, “aukerak eman ordez aukerak zapuztu egiten dizkigu.”

Hitzaldiaren bigarren zatian UEMAk udalak euskalduntzen egindako lanaren berri eman du, Harok. Euskara teknikariak azaldu du UEMAko udaletan euskararen erabilera neurtzeko egindako azken diagnostikoaren arabera, UEMAko 29 udal euskaraz osotasunean funtzionatzeko gai direla. 26 udalek nagusiki euskaraz eta ele bietan (euskarari lehentasuna emanda) funtzionatzen dute, eta 13 dira oraindik ele bietan lan egiten duten udalak.

Etorkizunera begira jarrita, euskararen normalizaziorako bidea urratu nahi du UEMAk. Eta horretarako, “hainbat muga higatzen, desagerrarazten edo gainditzen” pausoak eman behar direla esan du UEMAko euskara teknikariak. “Pauso bakoitza euskararen normalizazioaren aldeko pausoa izango da, eta hori bezain argi daukagu hori onuragarria izango dela udalen euskararen erabileran hobera egiteko.”

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.