Txirrindulari Itzuliak Euskal Herriko hainbat eta hainbat herri zeharkatuko ditu sei egunetan. Horietako hainbat udalerri euskaldunen mankomunitateko (UEMA) kide dira. Herri horiek guztiek ezaugarri bera dute: %70etik gora euskaldunak dira, beraz, herri euskaldunak dira eta herritarren eguneroko hizkuntza naturala da euskara. Udalek, errealitate hori aintzat hartuz, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko erabakia hartu zuten. Zentzu horretan, Udal horien eta UEMAren helburua da herritarren bizitza sozial zein pribatu osoa euskaraz izan dadin bideak urratzea eta hori horrela izan dadin beharrezko neurriak hartzea.
Hori kontuan izanda, Euskal Herriko itzuliko antolatzaileei eskari zehatza egin die Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak:
“UEMAko herrietan zehar jarriko diren idatzizko euskarriak zein ahoz egingo diren adierazpenak euskaraz izan daitezen berma dezazuela, horretarako, beharrezko neurriak hartuz”.
Honakoak dira 2014ko Euskal Herriko itzuliak zeharkatuko dituen UEMAko herriak:
1go etapa: Segura, Zaldibia, Ikaztegieta, Arama eta Itsasondo
2.etapa: Itsasondo, Leitza, Lesaka, Igantzi, Etxalar
3.etapa: Elizondo, Arbizu, Etxarri-Aranatz
4.etapa: Bergara, Elgeta
5.etapa: Markina, Berriatua, Lekeitio, Muxika
6. etapa: Markina, Aulesti, Munitibar