Hasiera » hizkuntza politika » Nafarroako Parlamentuan, osasun etxe eta liburutegietan hainbat lanpostu elebidun sortzeko eskaria egiten duen mozioa eztabaidatuko da, gaur

Nafarroako Parlamentuan, osasun etxe eta liburutegietan hainbat lanpostu elebidun sortzeko eskaria egiten duen mozioa eztabaidatuko da, gaur

UEMAk 2013ko azaraoaren 19an eraman zuen gaia Nafarroako parlamentura, eta orduan, Osasun etxe eta liburutegietako zerbitzuak euskalduntzeko neurri zehatzak proposatu zituen. UEMAk egindako eskariak bere eginez, aurkeztu dute ebazpen proposamena  Aralar-Nafarroa Bai eta Bildu-Nafarroa talde parlarmentarioek. Mozioaren helburua da eremu euskaldunean bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzea. 

Mozioaren testua

Behean sinatzen duten parlamentu-taldeek, Legebiltzarreko Erregelamenduko 197. artikuluan eta hurrengoetan xedatuaren babesean, ondoko mozioa aurkeztu dute, Parlamentuaren Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko:

Legeak herritarrei administrazio publikoarekin euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen badie ere, Nafarroako udalerri euskaldunetako osasun etxe eta liburutegietan ez da euskarazko zerbitzurik bermatzen. Errealitate horrek, herritarren hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, euskararen normalizazioa kaltetzen du.

Legeari erreparatzen badiogu, Foru hobekuntzari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 9. artikuluak dio euskara ofiziala izango dela Nafarroako zonalde euskaldunetan. Eta Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 6. artikuluak dio herritarrei administrazio publikoekin harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaiela.

Zonifikazioak kalte egiten dio euskararen normalizazioari eta, gure ustez, euskararen legeak aldaketa sakona behar du benetan euskararen erabilera sustatzeko. Beraz, indarrean dagoen euskararen legea ontzat eman gabe, beharrezkotzat jotzen dugu gutxienez eremu euskaldunean bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzea. Tartean sartzen da osasun-zerbitzua eta liburutegietako zerbitzua euskaraz jaso ahal izatea.

Gune horietan zerbitzu euskalduna bermatzetik urruti gaude oraindik; izan ere, oraindik oztopo asko ditugu euskaraz artatuak izateko.

Eremu euskalduneko liburuzainei dagokienez, adibidez, liburuzainek ez dute profil elebiduna plantilla organikoan, ez dago inolako planik Nafarroako Gobernuaren aldetik dagoeneko lanpostu finkoa duten liburuzainak euskalduntzeko, ez da aurreikusten, ezta ere, elebidunak diren liburuzainen ordezkoetan langile elebidunak egotea.

Osasun-zerbitzuari erreparatuz gero, eremu euskalduneko osasun etxeetako lanpostuen hizkuntza profilek ez dituzte bermatzen euskaldunen hizkuntza eskubideak, eskatutako euskara mailak ez du ziurtatzen euskararen gaitasuna eta lanpostu elebidunen ordezkoak egiterakoan jarraitzen diren irizpideak ez du ziurtatzen langile elebiduna ezarriko dela, besteak beste.

Hau guztia kontuan izanik eta UEMAk egindako eskariak gure eginez, aurkezten dugu honako ebazpen proposamena:

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

1.Eremu euskaldunean

a. Osasun etxeetako eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jar diezaien. Lehentasunez pediatra, mediku eta jendaurrean lan egiten duten langileei. Baita Emakumeen Arretarako Zentroetako lanpostuek ere V3 jakite maila izatea.

b. Urgentziazko zerbitzuetako langileen hizkuntz profilak zehatz ditzan.

c. Profil elebiduna ez duten liburuzainen lanpostuei profil elebiduna jar diezaien. Profil hori C1 mailakoa izatea.

2. Eremu mistoan.

a. Zenbait lanposturi profil elebiduna para diezaion; batez ere liburuzain bat baino gehiago dauden liburutegietan. Era berean plaza elebidunen ordezkoetan langile elebidunak egon daitezela berma dezan.

b. Dagoeneko lanpostu finkoa duten liburuzainen kasuan, horiendako euskalduntze plan bat diseina dezan. Liburuzain guztiei, oro har, euskara ikasteko erraztasunak eman diezazkien.

3. Gainerako osasun arloetan, urratsak ematen has dadin: paisaia linguistikoa, intormazio-orriak, mamografiako zitazioak, mamografiako txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, hitzorduak jartzeko SMS-mezuak, baja-agiriak…

4. Liburutegien Sareko udalekin eginak dauzkan hitzarmenetan hizkuntzaren erabilerari buruzko irizpideak ezar ditzan: liburu eta materialak hornitzea, paisaia linguistikoa, informazio-orriak, aplikazio informatikoa…

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.