Hasiera » hizkuntza politika » Nafarroako Parlamentuak, euskara sustatzeko neurri zehatzak hartzeko aukera paregabea galdu du, beste behin

Nafarroako Parlamentuak, euskara sustatzeko neurri zehatzak hartzeko aukera paregabea galdu du, beste behin

Nafarroako Parlamentuan, osasun etxe eta liburutegietan hainbat lanpostu elebidun sortzeko eskaria egiten duen mozioa eztabaidatu dute, gaur.

Mozioaren bozketa bi zatitan egin dute. Lehenik mozioaren 1a puntua bozkatu dute, jarraian beste puntu guztiak batera.

UPNk eta PPk ezezkoa eman diote zerbitzu publikoan hainbat lanpostu elebidun sortzeko eskariari. PSN abstenitu egin da. Aralar-Nafarroa Bai eta Bildu-Nafarroa talde parlamentarioek, UEMArekin elkarlanean mozioaren bultzatzaile izan direnek, baiezkoa eman diote osasun etxe eta liburutegietako zerbitzuak euskalduntzeko neurriei. Izquierda-Ezkerra abstenitu egin da lehen bozketan eta baiezkoa eman du bigarrengoan.

Parlamentuko saioak eman duenaren inguruan, UEMAren balorazioa:   

1-      Nafarroako Gobernuak ez du legea errespetatzen, eta momentuz bederen, ez du errespetatuko.

Foru hobekuntzari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 9. artikuluak dio euskara ofiziala izango dela Nafarroako zonalde euskaldunetan. Eta Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 6. artikuluak dio herritarrei administrazio publikoekin harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaiela. UEMAk, egindako azteketak frogatzen duenez ordea, Nafarroako Gobernuak ez du bematzen euskarazko zerbitzurik osasun etxe eta liburtegietan.

2-      Nafarroako Gobernuak, udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideak zanpatzen dihardu, etengabe. Udalerri euskaldunetako herritarrek arazo larriak dituzte osasun etxe eta liburutegietan euskaraz aritzeko.  Nafarroako Gobernua axolagabe ageri da egoera honen aurrean, eta euskaldunak gutxiesten ditu. Afera oso larria da.

 

3-      Nafarroako Gobernuak hizkuntza politikaren helburua da euskara eremu publikotik erabat desagerraraztea. Hori frogatzen du osasun etxe eta liburutegitako zerbitzuak euskalduntzeko eskaria jasotzen duen mozioari emandako ezezkoak. Euskara sustatzeko neurri zehatzak hartzeko aukera paregabea galdu da, beste behin.

 

4-      Nafarroako Gobernuak euskararen aurkako politika tinko defendatzen badu ere, herritarren eskubide eta beharrak kontutan hartzen ez dituenez, bere posizioa ahula da. Jarrera makur hori ezin daiteke denbora luzez gailendu.

 

5-      Nafarroak hizkuntza politika berria behar du, euskara Nafarroako hizkuntza dela onartu eta bertako egoera soziolinguistikoa kontutan hartuko duena. Asko dira aldaketaren alde ahotsa altxatu dutenak, Nafarroan. Baldintza berriak sortu behar dira, agertoki berria eraiki behar da, non herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuko diren.

 

6-      Etsipenean erori gabe, euskararen aldeko lanean jarraitzeko deia egin nahi du UEMAk. Nafarroako Gobernuaren zain egon gabe, gure herrietan euskararentzat esparruak eta arnasguneak irabazten eta sortzen jarraituko dugu. Badira baikor izateko arrazoiak. Pasa den, larunbateko manifestazioak argi erakutsi zuen Nafarroako euskaltzaleon indarra. Ondotik, euskaltzaleen indarrak batuz, euskararen bidea urratuko denaren konfidantza osoa du UEMAk. Horregatik elkarlanerako prestutasuna agertzearekin batera, elkarlanean aritzeko deia egin nahi du.

 

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.