Espainiako Gobernuaren Ordezkari den Carlos Urquijok hainbat errekerimendu egin dizkie udalei hizkuntza irizpideak direla eta. Errekerimenduok Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat udalek administrazioko kontratazioetan hizkuntza irizpideak kontutan hartzen hasteko erabakiaren ondotik etorri dira. Euskararen sustapenean diharduten hainbat eragilek, UEMAk eta Kontseiluak kasu, euskararen aurkako erasotzat jo dute errekerimenduak eskatu izana. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak ere “atzera egin dezan” eskatu dio Urquijori.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskara zein gaztelania hizkuntza ofizialak dira. Eta Baztarrikaren esanetan “administrazio guztiak, baita estatuko administrazioa ere, EAEn, behartuta daude herritarren hizkuntza eskubideak babestera”. Finean, herritarrek aukeratzen duten hizkuntzan, euskaraz ala gaztelaniaz, atendituak izateko eskubidea dute.
Baztarrikaren arabera, “ez dago administrazioko aktibitate bakar bat ere horretatik salbu, ezta kontratazio administratiboak ere”. Bere ustez, Espainiako Gobernuko Ordezkaria eta Estatuko Administrazioa, Estatuko Abokatuaren bitartez, erakusten ari den “jarrera ez da onargarria”. Horregatik, “atzera egin” dezan eskatu dio.
Eusko Jaurlaritzako Sailburuordeak gogora ekarri du Estatuko Administrazioaren eginbeharra “elebitasuna eta herritarren hizkuntza eskubideak babesteko agente aktibo izatea” dela. Zeregin horretan, “zeharkako kudeaketaren bitartez eskaintzen diren zerbitzu publikoak ere ez daude betebehar honetatik salbu, eta beraz, kontratazio administratiboen bitartez bermatu behar dira hizkuntza eskubide horiek”.