Gurea lingua navarrorum-a! lelopean deitutako manifestazioan jendetza bildu zen, larunbatean, Iruñean. Antolatzaileen arabera, 10.000 pertsonak parte hartu zuten protesta ekitaldian. Euskaraz bizitzeko zailtasun etengabeak dituztela salatu dute Nafarroako euskaldunek.
“Euskaraz bizi nahi dugunok gero eta oztopo gehiago dugu. Euskaraz aritzen garenok arrotz gisa tratatzen gaitu Gobernuak, eta gure lurrean berean desagerrarazi nahi gaitu”, ohartarazi dute deitzaileek, manifestazioaren amaierako ekitaldian.
Euskaraz ikasteko ezintasunak, D ereduaren aurkako kanpainak, euskaltegiak eta hedabideak ito nahia, administrazioarekin euskaraz aritu ezina… “Hizkuntz politika itxuragabe hau tinko eta ozen salatzen dugu; euskaldunok hemen gaudela erakutsi nahi dugu”.
Aldaketarako oinarrian euskara
Asko dira aldaketaren alde ahotsa altxatu dutenak Nafarroan.Aldaketa hizkuntz politikan ere ezinbestekoa dela ohartarazi du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. “Guretzat aldaketak badu bereizgarri bat: Nafarroan ez da benetako aldaketarik izanen gu guztiok kontuan hartuko gaituen hizkuntza politika bat abiarazten ez bada”.
Egungo hizkuntza politikak euskara desagerrarazi nahi duela eta denon artean, “baldintza berriak sortu behar” direla azpimarratu du Bilbaok. “Nafarroan eman beharreko aldaketan agertoki berria eraiki behar dugu, non euskaraz bizitzea aldarria izatetik errealitate bihurtuko den”.
Herritarrei dei egin die elkarlanean aritzeko. “Aldaketarako, elkarrekin joan behar dugu. Euskalgintza, gutako bakoitza, prest egongo da euskararen normalizazioan urratsak emateko, horretarako gertu daudenekin aritzeko”.