Maitane Maritorenak, Baztango Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak, prentsaurrekoaren helburua azaldu zuen: “Baztanen orain aste batzuk abiatu zen ‘Mediku eskualduna nahi dut’ kanpainaren orain artioko emaitzak baloratzea eta hemendik aitzina Baztango Udalaren ekimenak aurkeztea”. Kanpainaren gainean xehetasun hauek eman zituen:
– Kanpainak Baztanen herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko legez aitorturik duten eskubidea bermatzea du xede.
– Kanpainan Baztanen osasun zerbitzua ematen duten langileak elebidunak izan daitezela eskatu da, herritarrek legez aitorturik duten eskubidea benetan baliatu ahal izateko. Batik bat familia-mediku eta pediatra elebidunak eskatzera zuzendu da, horiek premiarik handiena dutenetako batzuk baitira.
– Kanpainak, alde batetik, herritarrak duten eskubide horrekin sentiberatu nahi izan ditu eta horretarako ilbeltzaren akabaila aldera “Medikua eskualduna nahi dut” leloa zuen biorrikoa igorri zen etxe guztietara.
– Bertzaldetik, osasun zerbitzu publikoa euskaraz jaso ezinagatik herritarrei sortzen zaien arazoa objektibatu nahi izan du eta horretarako, euskaraz egiten ez duen familia-medikua edota pediatra duten herritarrei profesional elebiduna eskatzeko deia egin zaie. Herritarrek eskaerak formalki bideratu dituzte, eskabide-orri ofizialetan, Osasun-etxean aurkeztu eta hor behar bezala zigilaturik.
Kanpainaren orain artioko emaitzak: “Medikua eskualduna nahi dut” kanpainan lau astetan 65 eskaera bildu dira familia-medikuntza eta pediatria ez ezik ginekologia zerbitzua eta osasun zerbitzu oro ere euskaraz izateko.
Emaitzen gaineko balorazioa: eskaera kopuru adierazgarria da, herritarren hizkuntza eta osasun eskubideetan gabezia handia erakutsi duena. Egintza mediku oro osasun-langileen eta pazienteen arteko komunikazioan funtsatzen dela aintzat harturik, herritarrak hautatu hizkuntzan komunikatu ezin izateak osasun zerbitzuari zuzen-zuzenean eragiten dion kontua da. Hizkuntza eskubideen urraketak osasun zerbitzu ona jasotzeko eskubidea ere urratzen du.
Jon Abrilek, UEMAko Zuzendaritza batzordeko kideak, oroitarazi zuenez 18/1986 Euskararen Foru Legearen arabera Baztan eremu euskaldun delakoan dago eta horretan “herritarrei administrazio publikoekin harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaiela. Legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubide horiek, ordea, Gobernuak berak ez ditu errespetatzen”. Ondorioz, Abrilek Nafarroako egoera oso kezkagarritzat jo zuen:
– UEMAko kide diren 14 udalerrietako bakar batek ere ez dauka oinarrizko osasun zerbitzua bere osotasunean euskaraz emateko bitartekorik. Pediatrei dagokienean, Nafarroako gure 14 udalerrietan 7 pediatra aritzen dira, eta horietatik 4k ez dakite euskaraz, hau da, haurren ia %100 euskalduna den eremuan, pediatren %71k ez du haurrek egunerokoan darabilten hizkuntzarik ezagutzen. Familia medikuen kasuan, hiru udalerritan mediku erdaldunak daude. Eta horietatik batean, guztiak dira erdaldunak. Familia medikuen kasuan, ordezkapenen gaiak ematen ditu arazoak normalean, izan ere, ordezko medikuak datozenean, gehien gehienetan erdaldunak izaten baitira.
– Baztanen esaterako, 6 medikutatik 2ri eskatzen zaie elebiduna izatea, Nafarroako Gobernuaren plantilla organikoaren arabera, 8 erizainetatik 2ri eta bi administraritatik bati. Pediatrari, berriz, ez zaio eskatzen elebiduna izatea ere.
Jon Abrilek nabarmendu zuenez, UEMAk hainbat instituziorekin harremanetan dihardu egoera hau gainditzeko: “2013ko azaroaren 13an esaterako, Nafarroako Parlamentuan izan zen UEMAko udalerrietako osasun etxeetan eta liburutegietan euskaraz aritzeko ditugun zailtasunei konponbidea emateko eskatzen. Egoera gainditzeko neurri zehatzak ere proposatu genituen, baina egoerak bere horretan jarraitzen du”.
Garbiñe Elizegik, Baztango Udaleko alkateak Udalaren konpromisoa berretsi zuen “herritarrek osasun zerbitzua euskaraz hartzeko duten eskubidea bermatzeko”. Xede horretara begira honako hau jakinarazi zuen: “Baztango Udalak Elizondoko Oinarrizko Osasun arloko zuzendaritzari elkarlanean aritzeko proposamena luzatu dio eta erantzunaren zain gaude”.
Horretaz gain, Baztango alkateak kanpaina honetan bildu diren eskaerei jarraipena egiteko asmoa adierazi zuen eta horretarako, Udalaren esku dauden ekimenok gauzatuko dituela erran:
– Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari eskaera formala eginen dio herritarren eskaerak kontuan har ditzala.
– Baztanen bezala “Mediku eskualduna nahi dut” kanpaina egin den udalekin batera Nafarroako Gobernura eta Parlamentura joko du herritarren osasun zerbitzu publikoa euskaraz hartzeko duten eskubidea bermatze aldera plantilla organikoan beharrezko aldaketak egin ditzatela.
Azkenik, Baztango alkateak Nafarroako Gobernuak euskararekiko eta euskaldun jendearen eskubideekiko duen jarrera salatzea eta bertzelako hizkuntza politika eskatzea helburu duen larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin zien baztandarrei.