Hasiera » udalerriak » Mediku eta pediatra euskaldunak eskatzeko ekimena, Leitzaldean

Mediku eta pediatra euskaldunak eskatzeko ekimena, Leitzaldean

Herritarrek izan badute familia-medikua eta pediatra euskalduna eskatzeko eskubidea, legeak berak aitortua. Eskubide hori gauza dadin, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Kontseiluak, UEMAk, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak, Euskal Herrian Euskarazek, Topaguneak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak kanpaina bat abiatu dute Euskal Herriko zenbait herri eta eskualdetan, Leitzaldean bestetan beste.

Kanpainak, Leitzaldean, oso eskaera zehatza egiten du: eskualdeko osasun etxean pediatra euskalduna nahi dugu. Hori da, hain zuzen ere eskatzen dena. Gaur egun familia-medikuak euskaldunak dira eskualdean, eta hutsunerik larriena pediatria zerbitzuan dago.

Aspaldiko eskaera da hau bera, badirelako gutxienez 20 urte eskualdeko ordezkariek Nafarroako Gobernuarekin gai honen inguruko lehendabiziko bilera egin zutela. Ibilbide luzea du aldarrikapen honek, beraz, baina oraindik ere egin beharra dago, hutsuneak bere horretan dirauelako.

Ekimenaren urrats nagusia, gaiaz eginen den zabalkundeaz gainera, pediatraren zerbitzua erabiltzen dutenen, gurasoen alegia, eskaera sinatua izanen da. Erabiltzaileak izanen dira, beraz, Nafarroako Gobernuari eskaera zehatza eta formala eginen diotenak, kanpaina bultzatzen duten eragile guztien eta eskualdeko toki-entitateen babesarekin.

Herritarren eskaerak bildu ondoren, ekimena burutzeko, eskaera guztiei sarrera ofiziala emanen zaie eta Nafarroako Gobernuari aurkeztuko zaizkio, dagozkion urratsak eman ditzan.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.