Hasiera » komunikazioa » UEMAko udalen inguruko erreportajea egin du Berriak

UEMAko udalen inguruko erreportajea egin du Berriak

Arabako, Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal bana hartu du adibidetzat Berriak,  euskarak udal administrazioan izan duen bilakaera irudikatzeko: Aramaio, Leitza, Ondarroa eta Zestoa.

Uemak udaletako erabilera planen bidez duen helburu nagusia da udalek euskaraz funtzionatzea. Imanol Harok UEMAko teknikariak azaldu duenez, herrietako erabilera planek 2013tik 2017ra arteko iraupena dute. «2013a helburuak eta ekintzak zehazteko garaia izan da. Planak diseinatuak ditugu, eta udaletako osoko bilkuretatik pasatu dira». Aurrera eramateko sasoia da orain.

2014rako Uemak finkatu dituen lehentasunen artean, kontratazioak daude. «Hau da, udalek azpikontratatzen dituzten enpresei klausulak jartzea eta hizkuntza baldintza batzuk ezartzea. Adibidez, udal batek kiroldegiko zerbitzua enpresa bati ematen dio; udalak zuzenean kudeatuko balu, langileak euskaldunak lirateke, eta ikastaroak, euskaraz; beraz, kiroldegia kudeatuko duen enpresari esan behar zaio hizkuntza baldintzak bete behar dituela. Gauza bera gerta daiteke bestelako lanekin eta zerbitzuekin».

Uemaren beste helburuetako bat da Hego Euskal Herrian dauden administrazioekin euskara hutsezko harremana bultzatzea. «Nafarroako Gobernuarekin oraintxe bertan ez dago bide handirik egiterik. Baina Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin euskara hutsezko zirkuitu bat sortu nahi dugu, legezko bide bat irekita baitute». Hainbat herritako euskara teknikariak kexu azaldu dira, kanpo harremanak euskaraz egiteko zailtasunak dituztelako. Harok nabarmendu du Gipuzkoako Diputazioa horretan hobetu dela, «nahiz eta udalekin harremana ez izan %100 euskaraz». Jaurlaritzak Uemako udalekin ele bietan funtzionatzen du, eta berdin funtzionatzen du euskara hutsean aritzeko eskaera egin dutenekin zein eskaera egin ez dutenekin.

Bestalde, Gernikako Udalak —ez dago Ueman— kanpaina bat egin zuen iaz euskararen inguruan. Enpresa eta eragile guztiekin harremana euskaraz egiteko eskatu zuen; eragile horien artean, Bizkaiko Foru Aldundia zegoen. Uemako ordezkariek asmoa dute Gernikako Udalarekin eta Bizkaiko Diputazioarekin harremanetan jartzeko, bide hori zertan den ezagutzeko.

Uemak landu nahi duen beste alor bat da udaletako hautetsiek euskara hutsezko adierazpen publikoak egitea. «Koherentziaren barruan, iruditzen zaigu adierazpenek euskaraz izan behar dutela, salbuespenak salbuespen». Itsas denboralearen harira, Harok kritikatu du hainbat udaletako ordezkari ETBn gaztelaniaz hitz egiten azaltzea: «Eredugarritasunaren aldetik eta irudi euskalduna ematearen aldetik, ez du heldulekurik». Lea-Artibai eskualdeko udaletan aztertzen hasiak dira non hitz egingo duten euskara hutsean eta non erabil dezaketen gaztelania.

Gero eta garrantzi handiagoa hartuz doan alor bat, bestetik, aplikazio informatikoena da. «Askotan, aplikazioekin zailtasunak daude agiriak euskara hutsean ateratzeko. Ziurtagiriak euskara hutsean izateko aukera ematen diegu herritarrei, baina, zenbaitetan, aplikazio informatikoen traba dago».

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.