Euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko helburuarekin, Bermeoko Udalak Hitza egunkariarekin hitzarmen bat sinatu du eta horren barne Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako 110 harpidetza egitea adostu du Bermeoko leku publikoetan banatzeko.
Horren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan Josu Unanuek, alkateordeak eta Euskara Saileko zinegotziak, Maite Alvarezek, Euskara teknikariak, Oihana Cabellok, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako zuzendariak, eta Ama Lur Bedialaunetak, Hitzako kudeatzaileak.
Helburua bikoitza dela azaldu dute Unanuek eta Alvarezek, alde batetik, euskararen alde egitea eta, bestetik, euskarazko irakurketaren aldeko pausu bat ematea, izan ere, Hitzan herritarrek hurbileko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera dute eta euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzea xede da.
Alvarezek adierazi duenez, 110 harpidetza hauek udal eraikinak diren Liburutegian, Kultura eta Gizarte etxean, Berhaz-en, Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren egoitzan, Zaharren egoitzan eta Musika eskolan banatuko dira. Horrez gain, medikuntza zentroetan, fisioterapia zentroetan, ile-apaindegietan, aseguru etxeetan, tabernetan, Erroxape eta Emakumeen elkartean eta anbulatorioan ere banatuko dira.
“Itxaron gelak dituzten lekuak aukeratu dira, izan ere, herritarrek toki hauetan irakurtzeko ohitura izaten dute eta horietan euskarazko hurbileko informazioa irakurtzeko aukera ematea, oso positiboa dela uste dugu aipatutako helburuak lortzeko”, nabarmendu du.
Unanuek adierazi dutenez, harpidetza hauek eginda Bermeoko Udalak euskarazko irakurlezaletasuna bultzatu nahi du eta euskararen normalizazioa begirako lanean jarraitu.