Ahozkotasunaren transmisioaren bidez gizartearen identitatea berreskuratu nahi duen Ipuin lapikoaren hirugarren ikasturtea martxan dago jadanik Bermeon. Ekimen honen barne, alde batetik, talde bat batzen da astero, martitzenetan, 18:00etatik 20:00ertaa liburutegiko 3. solairuan eta, beste alde batetik, herri Ikastetxeko 5. eta 6. mailetako ikasleak hasi dira aurtengo saioetan parte hartzen.
Maite Alvarezek, Bermeoko Euskara teknikariak ‘Ipuin lapikoa 2014- Dakizuna esan, daukazuna eman’ ekimenari buruzko zehaztasunak azaldu ditu gaur egindako prentsaurrekoan. Berarekin batera egon dira Josu Unanue alkateorde eta Euskara zinegotzia, Aitziber Gabikaetxebarria Euskara teknikaria eta Itziar Rekalde Ipuin Lapikoko gidaria, besteak beste.
Itziar Rekaldek adierazi duenez, ipuin lapikoaren helburu nagusienetakoa da “herriaren, gizartearen identitatea berreskuratzea, izan ere, globalizazioaren ondorioz, azken 50 urteetan eten handia izan da ahozkotasunaren transmisioan, modu natural eta zuzenean egin izan den transmisioan”.
“Orain 50 urte inguru dauzkan jendeak, transmisore izan behar duenak, galdu egin du horren kontzientzia eta egungo gurasoek ez dutenez ahozkotasunaren transmisioa jaso, ez daukate zer transmititu”, azaldu du.
Horrela, ipuin lapikoan “apurka-apurka” lan horretan hasi zirela adierazi du Rekaldek eta “orain, taldekideen bizipenetatik ipuinak, kontakizunak osatzera pasa dira, eta ahozkotasun hori berreskuratzen ari dira”.
Bere esanetan, “garrantzitsua da, oso, ahozkotasunaren transmisioari indarra ematea, azken batean, horrek ematen digu identitatearen kontzientzia, nondik gatozen eta nortzuk garen jakinda, nora gura dugun joan dakigulako”.
Euskara teknikariak adierazi duenez, astero batzen den herritarren taldeaz gain, Herri Ikastetxeko ikasleekin, urtarriletik ekainera bitarte saioak egiten ari dira.
“Ipuin lapikoan parte hartzen duten herritarrak astero egiten dituzte saioak ikasleekin eta helburua bikoitza da, batetik, ikasleei egiten zaien transmisioa eta bestetik, eurek ikasleek zeregin aktiboa izaten dute, etxean, familian galdetu behar baitute, euren etxekoen memoria berreskuratzeko, eta gai hauen inguruan galdetu eta saioetara eramaten dute etxean jasotakoa: etxea eta familia, lehen oroitzapenak, lagunak, kalea eta jolasak”.
Hasieran esan bezala, egitasmoa urtez urte zabalduz doa eta aurtengo asmoa bada herritar guztientzat emanaldiak eskaintzea hiru hilabeterik behin. Alvarezek eta Unanuek herritarrak ekimen honetan parte hartzera animatu dituzte, izan ere, “taldea zabalik dago parte hartu gura duen jende guztiarentzat, martitzenetan Liburutegian”.