Lekeitioko Udaleko Euskara batzordeko kideak oso kezkatuta daude beraien herrian euskaraz gero eta gutxiago egiten delako. Euskararen erabilera sustatzeko 30 laguneko lantaldea osatu dute. Herritarren sentsibilizazioan eragin, eta herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko asmoarekin, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Urtarrilean, hizkuntza ohituretan eragiteko, kontzientzia hartzeko eta hainbat egoeratan nola jokatu hausnartzeko TELP tailerra egin berri dute. Otsailaren 15erako hitzaldia antolatu dute; Jon Sarasua, Joxerra Gartzia eta Fermin Etxegoien, euskararen egoera eta erabilera indartzeko kontuen ingurua ariko dira. Martxoan, berriz, arnasguneen tailerra egingo dute UEMAren eskutik; euskararen arnasguneak euskararen biziraupenean duten garrantziaz kontzientzia hartzea, eta euskaraz egiteko gabeziak dauden eremuak edo egoerak identifikatu eta horretan eragiteko dinamikak sortzea izango dira tailerraren helburuak.
Lekeitio udalerri euskalduna
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea da Lekeitio. Eta Mankomunitateko kide diren beste 69 udalerrirekin elkarlanean dihardu udalak, euskara sustatzen. Udalerri euskaldunek osatzen dute euskarak duen arnasgunerik zabalena, eta ondorioz aipatu udalerriek funtzio garrantzitsua jokatzen dute euskararen geroan.
Lekeitioko biztanleen %86 dira euskaldunak euskararen ezagutza datuen arabera. 2001ean %70koa zen euskararen erabilera, eta beraz nagusiki euskaraz bizi ziren bertako herritarrak. Orain, ordea, herritarren hizkuntza ohiturak aldatzen doazela erakutsi dute datuek. Euskararen erabilera beherakada nabarmena izan du, eta azken datuen arabera Lekeitioko euskararen erabilera %53,2koa da. Batez ere 25-55 urte bitartekoen artean eman da hizkuntza ohituren aldaketa. Adin tarte horretako herritarren artean %43 da euskararen erabilera, umeak daudenean %75era igotzen bada ere.