200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk antolatu duten “Hizkuntza eta Lurraldea. Lurraldea eta Hizkuntza” jardunaldian. Bertan, lurralde-antolamenduak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duen eragina aztertu dute. Euskal Herriko kasu batzuk ezagutzeaz gain, Aland Uharteak, Flandria eta Galeseko ordezkariak ere entzuteko aukera izan dugu bertan. Antolatzaileak pozik daude jardunaldiak sortarazi duen interesarekin eta konpromisoa hartu dute ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) izeneko tresna definitzeko, bigarren jardunaldi batean aurkezteko.
Hauek dira jardunaldiaren ondorio eta erronkak:
1. ondorioa
Arnasguneak ez dira herri euskaldunak soilik, baina arnasguneen multzoan oso azpimultzo garrantzitsua dira, euskararen erabileraz eta hegemoniaz betetzen dituzten baldintza horiez gain, euskararen transmisioa edo sozializazioa modu bete-betean egiten dutelako, horrek kualitatiboki duen garrantziarekin
1. erronka
Politika publiko guztietan hizkuntzaren zeharlerrotasuna kontuan hartzeko eskatzen diegu Administrazio guztiei
2. ondorioa
Lurralde-antolakuntza eta hirigintza ez dira neutroak eta eragin zuzena dute berezko hizkuntzan. Haien eragina ez da inoiz kontuan hartu Euskal Herrian: lurralde-antolakuntzako araubideak ez dio arretarik jarri
2. erronka
Eragin hori aztertzea, alde kuantitatibotik eta alde kualitatibotik:
2. erronka
2.1- Azterketa kuantitatiboa (zenbat):
Ikerketa zehatz eta objektibo bat egitea, datuen bidez frogatzeko hirigintza-hazkundearen (etxebizitza berrien) eta euskararen galeraren arteko harremana
2. erronka
2.2- Azterketa kualitatiboa (nola):
Ikerketa bat egitea aztertzeko Euskal Herriko hirigintza-eredu(ar)en (etxebizitza-poligonoak, suburbanizazioa, zonifikazioa, merkataritza- zentro handiak, azpiegiturak) eta euskararen galeraren arteko harremana
2. erronka
Euskal Herriko lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren alorretatik konturatu behar dira ezin dutela kultura-ondareaz eta tokiko identitateaz ganoraz hitz egin euskara (eta euskal hiztunen komunitatea) kontuan hartu gabe
3. ondorioa
Europako beste herrialde batzuetan aspalditik daude kezkatuta gai honekin (hirigintzaren eta hizkuntzaren arteko harremanarekin)
3. erronka
Beste herrialde horiekin harremana lantzea, eredu teoriko eta praktiko eragingarrien bila
4. ondorioa
Egungo ordenamendu juridikoak ez dio beharrezko arreta jarri izan hizkuntza eta lurraldearen arteko harremanari. Batzuetan, gainera, aurrerapausuak eman nahi izan direnean (UEMA), auzitegiek oztopo juridikoak jarri dituzte.
4. erronka
Hizkuntza-politika territorializatzea, alegia, lurraldetasun-printzipioari begira jartzea
4. erronka
Gaia Euskal Herriko politikaren agendan sartzea, gutxienez EAEko lurralde- antolakuntzako tresnetan (Lurraldea Antolatzeko Gidalerroetan eta Lurralde Plan Partzialetan, bereziki) kontuan har dadin
5. ondorioa
Egungo paradigmek mugak dituzte euskal komunitatea osorik babesteko eta indarberritzeko
5. erronka
Hizkuntza babesteko paradigma berrien bila, ingurumenaren alorrean baliagarriak izan diren tresnak aztertu behar dira, eta, ahal dela, baliatu
6. ondorioa
Gaia sozializatu edo gizarteratu behar da. Jendea kontzientziatu eta jendearekin landu. Arriskuez ohartaraziz, baina baita aukerez eta indargune posibleez ere
Azken erronka eta konpromisoa
Jardunaldiotako antolakuntzak eta batzorde akademikoak konpromisoa hartzen dugu ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) izeneko tresna definitzeko, eta bigarren jardunaldi batzuetan aurkezteko