Nafarroako Gobernuak administrazio publikoko langileei euskara ikasteko eskaintzen dizkien ikastaroak formazio plan orokorraren baitan sartzen direla esanez hasi du Iribasek Hezkuntza batzordean egindako agerraldia. Euskara ikasteko erraztasunak 1988. urtetik ematen direla aipatu du Hezkuntza kontseilariak. Urteotan, parte-hartzea handia izan dela nabarmendu nahi izan du, eta bere esanetan, “ikastaroetan izan diren guztiak boluntarioak izan dira, euskara ezin baita inposatu.”
Azken urteetan, ikastaroetan parte hartu dutenen “kopuruak gora” egin duela aipatu du Iribasek. Emandako datuen arabera, 2010-2011 ikasturtean 789 langilek parte hartu zuten ikastaroetan, 2011-2012 ikasturtean 748 langilek eta 2012-2013 ikasturtean 1.329 langilek.
Langileengandik jasotzen duten euskara ikasteko eskaerari erantzuten diotela esan du Iribasek. Gainera, herritarrengandik jasotako kexak urtez urte gutxitzen doazela aipatu du. Eta beraz, Iribasen arabera, ez du inolako oinarririk euskara ikasteko erraztasunik ez dela ematen esateak.
Alderdien erreakzioak
Nekane Perezek (Aralar Nafarroa Bai) eta Bakartxo Ruizek (Bildu) administrazioa euskalduntzeko plan bat behar dela azpimarratu dute. Biek gogoratu dute legeak herritarrei administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen diela, baina gero administrazioak ez duela bermatzen euskarazko zerbitzurik. Bitartean, Nafarroako Gobernuak langileak euskalduntzeko planik ez duela, eta ezta herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzeko ere salatu dute.
“Hizkuntza politika bat ez dagoela esaten da, baina egon badago, eta da euskara ezabatzeko” esanez amaitu du Nekane Perezek bere hitzartzea. Bakartxo Ruizek, berriz, galdera egin dio Iribasi: “Euskararen legea betetzeko asmorik baduzue? Baduzue horretarako borondaterik?”
UPNko eta PPko ordezkariek ontzat eman dituzte Iribasen azalpenak. Pedro Rasconek (PSOE), bere aldetik, argi utzi nahi izan du “zonalde euskaldunean administrazioak euskarazko zerbitzua emateko betebeharra” duela, eta “legea bete egin behar” dela gaineratu du.
Azkenik, Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) udalerri euskaldunetako liburutegi eta osasun etxeetan euskarazko zerbitzua bermatzeko zein lanpostuk behar duten euskara perfila definitu beharko litzatekeela aipatu du. “Zein lanpostu eta zer nolako hizkuntzak perfilak behar diren zehaztu ezean, zaila izango da zerbitzua euskalduntzea” Simonen arabera.
UEMAri aipamena
Aralar/NaBai eta Bilduko ordezkariek bere egin dituzte UEMAk azaroaren 19an Kultura eta Osasun batzordeetan egindako agerraldian esandakoak. UEMAk orduan egindako eskaerak egingarriak direlakoan arazoari konponbidea emateko gaia bideratzen ahaleginduko direla aipatu, eta UEMAren txostenean jasotzen diren hainbat puntu mahai gaineratu zituzten:
– Euskaraz ikasteko ikastaroetara joateko baimenak ematerako orduan ez da inolako irizpiderik jarraitu.
– Ez da lehentasunik jarri euskara ikastera joateko baimena eskatzen duten langile eta beren lanpostuak dituen hizkuntz eskakizuna baloratzeko garaian.
– Nafarroako administrazioan ez da euskara planik egon, langile elebidunak eskatzen dituzten postuetan langile elebidunak jartzeko.
– Euskara ikasi duten langileek euren lanean izan duten hizkuntza erabileraren baloraziorik ez da egin.
– Administrazioak langileak euskalduntzeko esfortzua optimizatuz zerbitzu publikoen hobetuko litzatekeela jakinda ere ez egon planik hori bermatzeko.