Gaur, Hezkuntza batzordean, Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak agerraldia egingo du liburuzainen eta osasungintzako profesionalen euskalduntze planez hitz egiteko. Bihar, Javier Morras Barne Saileko kontseilaria ariko da hizkuntza profilen inguruan. UEMAk azaroaren 19an Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldiaren ondotik, Nafarroako Bildu eta Aralar-Nafarroa Bai talde parlamentarioek eskatu dituzte agerraldiok.
Orain hilabete, UEMAk Nafarroako Parlamentura eraman zuen gaia, eta hizkuntza eskubideen urraketak gainditzeko proposamenak aurkeztu zituen. Nafarroako “zonalde euskaldunean” administrazioak euskarazko zerbitzua eskaintzeko betebeharra duela gogora ekarri zuten orduan Eneka Maizek eta Jon Abrilek. Osasun etxeen eta liburutegien euskalduntzeko bidea elkarlanean egiteko borondatea ere agertu zuten UEMAren Zuzendaritza batzordeko kideek. Eta egoeraren gaineko datu zehatzak dituen txostena helarazi zieten Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiei.
Nafarroako udalerri euskaldunetako liburutegietan eta osasun etxeetan arazo larriak dituzte herritarrek euskaraz jarduteko. Legeak herritarrei euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen badie ere, Nafarroako udalerri euskaldunetako liburutegietan eta osasun etxeetan ez da euskarazko zerbitzurik bermatzen. Hainbat eragilek eskatu dute arazoa gainditzeko neurriak hartzeko, UEMAk, Nafarroako Arartekoak eta Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak, besteak beste.