Azpeitiko Udalak Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, onartu zuen Udal Barruko Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana. Udalaren Euskara Patronatuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) elkarlanean osatu dute Plana eta 2013-2017 epean indarrean izango da. “Urteak daramatzagu lan asko egiten Azpeitiko Udalean euskara gero eta gehiago erabiltzeko. Lan horren emaitzak jasotzen ari gara, adibidez, Azpeitiko Udaletik, 2013. urteko lehenengo 9 hilabeteetan, Gipuzkoako Foru Aldundira bidalitako dokumentu guztietatik % 90 euskara hutsean igorri zen, % 9 ele bietara (euskaraz eta gaztelaniaz) eta % 1 bakarrik bidali zen gaztelania hutsean. Udal langileek dute meritua eta ahalegina aitortu nahi diet”, agertu du Euskara zinegotzia den Kontxita Martijak.
Egindako lan handia nabarmendu arren, oraindik egiteko asko ere badagoela gogoratu nahi izan du Martijak eta UEMAko Iratxe Ibarrak Planaren nondik norakoak azaldu ditu. Horrela, Azpeitia oso herri euskalduna izanik, Udalak herritarrentzat eredu izan behar duela esan du Ibarrak.
Plan berria gauzatzeko orduan, Udalaren gaur eguneko egoeraren diagnostikoa izan dute abiapuntu. Eta, diagnostiko hori egiteko, “zerbitzuburuekin aurrez aurreko elkarrizketak” egin dituztela azaldu du Ibarrak: “Ahalik eta errealistenak izateko eskatu zitzaien, egoera benetan nolakoa den garbi izatea garrantzitsua baita”. Onartu den planak lau urterako helburuak jasotzen baditu ere, urtean urteko kudeaketa planak osatuko direla aurreratu du Ibarrak. Gainera, planaren garapena modu egokian zaintzeko jarraipen batzordea ere eratuko dute.
UEMAk bere baitan hartzen dituen udalak lau multzotan sailkatuta ditu, euskararen erabileraren mailari dagokionez:
- Abian: ele bietan funtzionatzera bidean, oraindik urrats handia egiteko dutenak kokatzen dira hemen.
- Magalean: nagusiki ele bietan modu orekatuan funtzionatu arren, tartean gaztelania hutsez ere funtzionatzen dutenak.
- Gorabidean: nagusiki euskaraz eta ele bietan (euskarari lehentasuna emanda) funtzionatzen dutenak.
- Tontorrean: oro har, salbuespenak salbuespen, euskaraz funtzionatzen dutenak.
Sailkapen hori kontuan hartuta, Azpeitia gorabidean dauden udalen artean dagoela esan du Ibarrak. “Emaitza ona da, herri handia dela kontuan hartuta”. Azpeitiko Udalaren diagnostikoaren emaitzetan “esanguratsuak egin zaizkidan” pare bat datu ere eman ditu UEMAko teknikariak: “Batetik, udal langileen arteko ahozko erabilera altuagoa izatea espero nuen, inguru hau oso euskalduna dela kontuan izanda. Eurek aitortu dute, ordea, erdarako joera handia dutela, edo elkarrizketak euskaraz hasi eta erdaraz bukatzekoa, batik bat adin batetik gorakoen artean. Bestetik, datu positibo bezala, Udalak egin duen lana. Adibidez, ordenagailu guztiak euskaraz ditu, eta hori ez dut ikusi udal askotan”.
V. Plangintzaldiarekin, beraz, “tontorrera iristeko pausoak” ematea izango da helburu nagusia.