Hasiera » Zehaztu gabe » 2014rako egitasmoa onartu du UEMAk Zumaian egindako Batzar Nagusian

2014rako egitasmoa onartu du UEMAk Zumaian egindako Batzar Nagusian

IMG_6407Batzar Nagusiak onartuta Baztan ofizialki UEMAko kide izango da gaurtik. Gainera, 2013ko  balorazio positiboa egin eta 2014rako proiektuak zehaztuta itxi du UEMAk urtea. Martxoan amaitutako hausnarketa prozesuan zehaztutako helburua betetzeko urrats garrantzitsuak eman ditu urte honetan Mankomunitateak. 2014an jauzi kualitatiboa eman nahi dutela aipatu dute batzarraren ondotik Zuzendaritzak eman duen prentsaurrekoan. Jarraian prentsa agerraldian esandakoa osorik:

 

Aurrera begira eman beharreko urratsak zehazteko, beharrezko zaigu zein puntutan gauden jakitea. Euskararen egoerari erreparatzen badiogu, zonaldearen arabera oso egoera kontrajarriak ditugula jabetzen gara. Euskara ahul eta lege babes txikienik gabe dabil Euskal Herriko hainbat lekutan. Euskarak baditu, ordea, nagusi den herriak ere, eta horiek zehazki udalerri euskaldunak dira (biztanleen %70 baino gehiagok daki euskaraz). Horregatik, beharrezkoa deritzogu tokian tokiko errealitatean oinarritutako hizkuntza politikak sustatzea. Udalerri euskaldunetatik, hutsuneak baditugun arren, bat eginda, ilusioz bultzatuko dugu geure hizkuntzaren geroa.

2014ko egitasmoaren helburua nagusia da euskararen aldeko hizkuntza politika ausart eta aurrerakoiak egin eta eragitea izango. Orain baino lehen abiatutako bidetik, gure udalak hizkuntza politikan aitzindari izaten jarrai dezaten; eta udalerri euskaldunei orokorrean euskararen normalizazioan duten garrantzia aitortu, eta horretarako beharrezko ditugun baliabideak (legalak, ekonomikoak…) exijitzen jarriko dugu indarra.

UEMAko udal guztietan, 2013an egindako diagnostikoetan oinarritua, udal bakoitzaren egoeratik abiatuta aurrera egin dezaten jarraipen sistemak martxan jarriko ditugu, lehentasunez. UEMAk diseinatutako metodologia aurreratuen bitartez eta arduradun politikoen konpromisoak zehaztuta, udalen erabat euskalduntzea nahi dugu. Esan behar da, bide hori ez dugula hutsetik hasten; izan ere, egin ditugun diagnostikoek erakutsi digute UEMAko udalak eredu direla euskararen erabilerari dagokionez. Horren adibide dira, euskarazko zerbitzua bermatzeaz gain, nagusiki euskaraz funtzionatzeko gai izatera iritsi diren udalak.

Euskararen arnasgunerik zabalena osasuntsu mantendu nahi badugu, ordea, ezinbestekoa da udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomiko eta soziokulturala bultzatzea. UEMAk udalerri euskaldunen egoera sozioekonomikoa eta soziokulturala neurtzeko tresnak sortu nahi ditu. Horrela, udalerri euskaldunen “bizia” ezagutu eta zaintzeko balioko digun jarraipen mekanismoak jarriko ditugu martxan.

Udalerri euskaldunen arteko elkarlanean sakontzeko konpromisoari ere eutsiko diogu 2014an. Indarrak bildu eta batera lan egitea bultzatu nahi du UEMAk, Era horretan, eragite ahalmena handitzen dugula ulertzen baitugu. Horrela, 2013an abiatu ditugun kontaktuekin jarraitzeaz gain, Hego Euskal Herriko udal gehiagorekin ere abiatuko dira harremanak, UEMAn sartzeko bultzada emanez. Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile eta eragile politikoekin abiatutako elkarrizketei jarraipena eman eta lanerako ildoak ere zehaztuko ditugu 2014an.

Udalerri euskaldunok euskararen arnasgune geografikoa osatzen dugu, eta horren aldarrikapena egiteaz gain, gure herritarrak horren inguruan kontzientziatzen eta sentsibilizatzen jarraituko dugu. Euskal hiztun komunitateak egunerokoan dituen hizkuntza jarrerak trinkotzeak egundoko eragina du euskararen biziraupenean, eta horretaz kontziente izan gaitezen lan egingo dugu. Horretarako, jada hainbat herritan egin ditugun arnasguneen tailerrekin jarraituko dugu, eta gainera, UEMAko udalerrietan euskararen ezagutzaren eta erabileraren bilakaera aztertuko dugu.  

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.