Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko Zuzendaritza Batzordeak adierazpena plazaratu du euskararen egunean: “Euskara biriketatik”

UEMAko Zuzendaritza Batzordeak adierazpena plazaratu du euskararen egunean: “Euskara biriketatik”

EUSKARA BIRIKETATIK

 

Abenduaren 3a, euskararen eguna. Aurten ere, euskararen egunean izango da tarterik ospakizunetarako, hausnarketarako edota aldarrikapenerako. Eta, horretarako, ekitaldi ugari eta askotarikoak antolatuko dira Euskal Herriko luze-zabalean.

Lehenik eta behin, euskararen egunak ospatzeko egun bat izan behar duelakoan gaude. Izan ere, euskara maite dugunok badugu zer ospatu 2013ko abenduaren 3an. Euskara bizirik da, baditu hiztunak, eta etorkizuneko ateak zabalik ditu oraindik ere. Baldintzarik gogorrenetan ere, aurrera egin du euskarak, eta horrek etorkizunarekin baikor izateko arrazoiak ematen dizkigu.

Geroa euskaraz eraikitzeko, ordea, garrantzitsua da zertan ginen jabetu eta egun zein egoera daukagun ikustea. Eta, gaur egun daukagun egoerari erreparatzen badiogu, zonaldearen arabera, oso egoera soziolinguistiko ezberdin eta kontrajarriak dauzkagula ohartuko gara. Oraindik ere, arrotz dabil euskara bere herriko hainbat eremutan, aitortza ofizialik gabe eta lege babesik gabe. Aldiz, nagusi da gure herriko beste hainbat eremutan.

Horregatik, tokiko errealitatetik abiatutako aurrerapausoak bultzatu behar ditugu.  Herriz herri euskararen arnasguneak hedatuz landu behar dugu etorkizuna. Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dute; beraz, lehenik eta behin ezinbestekoa zaigu dagokigun aitortza ofiziala aldarrikatzea. Horrekin batera, gune hauen erabateko normalizaziorako beharrezko ditugun hizkuntza politika ausartak garatzeko baliabideak exijitzea dagokigu, legea bera ere beharren neurrira egokituz.

Udalerri euskaldunetan biztanleen %70ek baino gehiagok daki euskaraz, eta oro har, euskaraz bizi gara bertako herritarrok. Eta hizkuntza batek, biziko bada, nagusi izango den eremuak behar dituenez ezinbestean, udalerriok funtzio garrantzitsua dute euskararen geroan.

Horregatik, garrantzitsua da udalerri euskaldunetako administrazioak, batetik, gaiak beharrezkoa duen garrantzia ematea; eta herritarrok, bestetik, euskararen geroan jada jokatzen dugun paperaz jabetu eta euskararen inguruan sentsibilizatzea. Gure herriak erreferentziazkoak dira euskarari dagokionez, eta ondorioz, baita bertako herritarrak ere. Gune hauetan egiten diren hizkuntza politikak eta norbanakook egunerokoan ditugun hizkuntz ohiturek, jarrerek eta joerek eragin zuzena dute euskararengan.

Udalerri euskaldunetatik  abiatuta, herritar soilen inplikazioaz, elkarte eta eragileekin bat eginez eta instituzio publikoen bultzadaz pauso sendoak eman ditzakegu euskararen arnasguneak zabaltzeko. Eta horretan ari gara UEMAkideok, baikortasunez eta  ilusioz euskarari arnasa ematen.

 

Maren Belastegi (UEMAko Zuzendaritza Batzordearen izenan) 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.