Hasiera » Zehaztu gabe » Tolosa Euskararen Hiria egitasmoa aurkeztu du Galtzaundi Euskara taldeak

Tolosa Euskararen Hiria egitasmoa aurkeztu du Galtzaundi Euskara taldeak

Egitasmoaren oinarria Galtzaundi Euskara taldean landu ondoren, Tolosako Euskararen mahaian biltzen diren ikastetxeekin, Aitzol Udal Euskaltegiarekin, Banaiz Bagararekin, Kontseiluarekin eta Tolosako Udaleko Euskararen batzordearekin osatu dute Tolosa Euskararen Hiria egitasmoa.

Lau urterako proiektua izango denaren aurkezpen publikoa egin dute, Tolosako kultur etxean. Lau urteren buruan euskararen erabilera indarberritzeko zutabe sendoak ezartzea da egitasmoaren helburu nagusia.  Eta horretarako abiapuntua, Tolosan, euskararen erabilera eta egoera aztertzea izan da. Egindako diagnostikoaren emaitzen arabera, herritarren %85a gai da euskara ulertzeko, baina horrez gain, Tolosa Euskararen Hiria planeko sustatzaileen ustez, indargune asko ditu Tolosak, erabileran aurrera egiteko: euskararen aldeko jarrera herritarren artean, eskualde euskalduna, euskara ikasteko hainbat egitasmo, belaunaldi gazte alfabetatuak, euskarazko kultur sorkuntza eta euskarazko hedabideak.

Komunikazioa, elkarlana eta euskalduntze planak ditu oinarri Tolosa Euskararen Hiria egitasmoak. Komunikazioari dagokionean, helburuetako bat euskarak batu egiten gaituela erakustea da. Horretarako, marka bat sortu dute: Tolosa, Euskararen Hiria. Hiru aldagai ditu marka horrek: Tolosa, euskara eta hiria. Euskararen sustatzaileek marka hori bultzatuz, Tolosako norbanako eta eragileen artean dagoen adostasuna erakutsi nahi dute, euskararen erabilera esparru guztietara zabaltzerakoan. Izan ere, gero eta herritar gehiagok daki euskaraz, Tolosan.

Euskararen erabilera indarberritzea ezinezkoa da bertako eragileen inplikaziorik gabe, eta beraz, eragileen eta norbanakoen inplikazioa ere landu nahi dute. Eragile bakoitzaren izaera eta erabakitzeko eskubidea errespetatuz, elkarlanean hainbat egitasmo eta jarduera antolatzeko asmoa dute marka hori gizarteratzeko, eta euskararen erabilera norberaren etxean sustatzeko.

Mahai ingurua

Mahai ingurua ere egin dute euskararen normalizazioaren iraganaz, orainaz eta geroaz. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburu Patxi Baztarrika, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua, Kontseiluko Iñaki Lasa eta Topaguneko Mikel Irizar aritu dira gaiaren inguruan.

Arnasguneak eta UEMA ere mintzagai izan zituzten hizlariek. Iñaki Lasa Kontseiluko kideak esaterako, “arnasgune diren herriek, Tolosa kasu,” euskara hedatzeko lanean “erantzukizun handia” dutela nabarmendu zuen. Lasaren ustez, arnasgune horien hedapenean dago euskararen normalizaziorako gakoa. Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, “euskaraz ariko den administrazioaren beharra” aipatu zuen, Tolosaldean UEMAkoak diren herriak daudela gogora ekarriz.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.