Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearen eta Oiartzungo Udalaren arteko hitzarmenari esker, martxan da Oiartzungo merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa. Euskara ikastaroa antolatu dute herriko merkatari eta ostalarientzat.
Euskara ikastaro honen helburua da euskaraz zertxobait badakiten merkatari eta ostalariek bezeroekin ohiko elkarrizketak euskaraz izaten ikastea. Izena ematen dutenek mailaketa proba egin beharko dute.
Ikastaroa 60 ordukoa izango da. Urtarriletik ekainera edo otsailetik maiatzera izango da, izena ematen dutenek aukeratzen dutenaren arabera (astean bi klase egun edo hiru nahi dituzten adierazi beharko dute).
Merkatari eta ostalariek beren lan ordutegiarengatik denbora gutxi edukitzen dutela libre, eta horrek zaildu egiten du euskara ikasteko hautua. Horregatik, ordutegia euskara ikasteko oztopo izan ez dadin, ikastaroak oraindik ez du ordutegi finkorik. Eguerdietan egitea da porposamena, 14:00-16:30 tartean, baina ez dago erabakita; interesa azaltzen dutenen arabera zehaztuko da ordutegia.
Ikastaroa Oiartzungo Intxixu AEK euskaltegiak emango du eta finantzazioa Udalak hartu du bere gain. Bi erakundeok adostutako hitzarmenaren bidez, HABEren baldintzak bete ez (taldeek ordu kopuru txikia edo ikasle kopuru eskasa dutelako) eta ondorioz diru-laguntza jasoko ez luketen ikastaroak martxan jar daitezke. Hartara, esfortzu ekonomiko handia eginez, eta talde berezi hauek martxan jarriz, Oiartzungo Udalak HABEk ase ezin dituen behar batzuk aseko ditu eta euskararen normalizaziorako estrategikoak diren sektoreetan eragingo du. Kasu honetan, merkataritzan eta ostalaritzan.
Beka sistema berriaren abantailak ere izango dituzte izena ematen duten ikasleek. Matrikularen prezioa 100€koa izango da, baina erdia ikasturtearen hasieran bertan ordainduko du Udalak. Eta ikasturtea bukatzean, ikasleak %85eko asistentzia betea badu, Udalak matrikularen %70era arte falta dena itzuliko dio. Hau da, matrikularen erdia izena emandakoan ordainduko du Udalak eta gainerako %20a ikasturte bukaeran. Hartara, matrikularen %70a arte ordainduko du Udalak, baldintzak betez gero.
Izena emateko epea irekita dago eta abenduaren 11 izango da azken eguna. Izena emateko edo informazioa eskatzeko:
TTUR-TTUR EUSKALTZALEON BILGUNEA
Ferminene etxea. Aialde kalea 2, 1. solairua
943 26 01 82
merkatariostalari.tturttur@gmail.com