Euskara Elkartera egitasmoan parte hartzen duten elkarteek Hitzarmen Zehatzetan hartutako konpromisoak betetzeko aurrerapausoak eman dituzte urteotan, eta orain, egindako lana eta egitasmoa bera baloratzeko garaia iritsi da. Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak kudeatzen du Euskara Elkartera egitasmoa Oiartzungo Udalarekin duen hitzarmenaren bidez.
Balantzea egiteko euskarriak prestatu eta urrian hasi ziren balorazio bilerak. Elkarte bakoitzarekin banaka elkartuko da Euskara Elkartera egitasmoko suspertzailea. Batetik, elkarte bakoitzaren Hitzarmen Zehatza aztertu eta betetze mailaz egingo dute gogoeta. Bestetik, egitasmoa bera baloratzea ere bada helburua, eta aurrera begirako pausoak zehaztea. Elkarte bakoitzarekin egindako bileretatik ateratzen diren ondorio eta ideiekin batzar orokorra egingo dute, elkarteetako ordezkariek, Udaleko ordezkariek, eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko ordezkariek. Horren ondoren, aurrera begira egin beharrekoa diseinatzeko garaia izango da. 2014an zehar balorazio bilerak amaitu, batzar orokorra egin, eta egitasmoa definitzea da helburua.
Euskara Elkartera egitasmoa 2006an jarri zen martxan, eta bertan parte hartzen duten 30 elkarteek euskararen erabilera indartzea dute helburu, aisialdiaren eremuan eraginez. Elkarteek borondatez parte hartzen dute egitasmo horretan, eta bakoitzak, bere elkartean euskararen erabilera indartzeko Hitzarmen Zehatza du sinatuta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin eta Udalarekin. Hitzarmen horietan konpromiso zehatzak dituzte euskararen erabilera indartzeko. Mota askotako konpromisoak dira, arlo desberdinei lotutakoak: euskararen ezagutza, irudi eta errotulazioa, idatzizko barne eta kanpo harremanak, eta ahozko barne eta kanpo harremanak, esate baterako.
2007an Hitzarmen Orokorra sinatu zuten elkarteek, Udalak eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak, eta 2008an elkarte bakoitzarekin Hitzarmen Zehatza. 2009an hasi ziren Hitzarmen Zehatzetan jasotako konpromisoak betetzeko pausoak ematen. Hainbat ekimen egin dituzte elkarteek Hitzarmena gauzatzeko, ekimen horietako gehienak barnera begirakoak dira, zuzenean elkarteari eragiten diotenak (idatziak eta dokumentazioa euskaraz jartzea, errotuluak euskaraz jartzea, dokumentuak zuzentzea, terminologia euskaratzea…). Baina, beste batzuk kanpora begirakoak dira. Adibide gisa, 2011n 10 elkartek eskaera egin zieten euren hornitzaileei aurrekontuak, fakturak, ordainagiriak eta abar euskaraz egiteko.
Hasiera batean, 29 elkartek sinatu zuten Hitzarmen Zehatza. Izaera desberdina duten elkarteak dira: kirol elkarteak, auzoetako kultur elkarteak, gazte taldeak, emakumeen taldeak eta abar, denetarik dago. Urteotan, arrazoi desberdinak direla medio elkarte batzuk utzi egin dute egitasmoa eta beste batzuk, berriz, bat egin dute egitasmoarekin. Eta gaur egun, 30 elkarte dira Euskara Elkartera egitasmoan parte hartzen dutenak.
Ondokoak dira:
1.Aldeguna Elkartea
2.Altzibarko Bilera Elkartea
3.Arraztalo Elkartea
4.Artaso Elkartea
5.Bizardia Elkartea
6.Doneztebe Parrokia
7.Elizaldetarrak Judo Elkartea
8.Girizia Elkartea
9.Girizia Mendi Elkartea
10.Girizia Pilota Elkartea
11.Girizia Sokatira Taldea
12.Goiko Eskola Kulturgune Okupatua
13. Harri Beltza Elkartea
14.Ibargain Elkartea
15.Ibargain Musika Eskola
16.Iturriberri Elkartea
17.Kataxulo Gaztetxia
18.Killirikupe Elkartea
19.Lartaun Txistulari Taldea
20.Margosoro Akademia
21.Oarsoaldea Igeriketa Elkartea
22.Oiarpe Kirol Elkartea
23.Oiartzun Irratia
24.Oiartzun Kirol Elkartea
25.Oiartzungo Bertsolari Elkartea
26.Oiartzungo Emakume Taldea
27.Oiartzungo Kenpo Kai Elkartea
28.Saskilagunak Saskibaloi Taldea
29.Soinuenea Fundazioa
30.Txost Pilota Elkartea