UEMAko udalerrietako biztanleen %70ek baino gehiagok daki euskaraz. Nafarroan 35.000 biztanle inguru bizi dira mota horretako udalerrietan, beraz, biztanle horiek guztiak euskara nagusi den lurguneetan bizi dira. Tipologia soziolinguistiko horretako udalerri nafarrek oso hizkuntza politika bereziak behar dituzte, eta UEMA behar horiei erantzuten saiatzen da. Izan ere, gaur egun beste administrazio batzuetatik, Nafarroako udalerri euskaldunetako osasun etxe eta liburutegiak kasu, ez dituzte herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen.
Lege babesa
Foru hobekuntza, 13/1982 lege organikoak 9. artikuluan dionez, euskara ofiziala izango da Nafarroako zonalde euskaldunetan. Udalerri euskaldunak “zonalde euskaldunean” daude legearen arabera.
18/1986 Euskararen lege Foralaren 6. artikuluak honela dio hitzez hitz: “Herritarrei administrazio publikoekin harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie, ondorengo kapituluetan zehaztutakoaren arabera.”
Herritarren kexak
Legeak herritarrei administrazio publikoarekin euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen badie ere, Nafarroako udalerri euskaldunetako osasun etxe eta liburutegietan ez da euskarazko zerbitzurik bermatzen. Eta errealitate horrek, herritarren hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, euskararen normalizazioa kaltetzen du.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak “Euskararen telefonoa” zerbitzuaren bidez jasotako kasu guztietan oinarriturik, urteko txostenean hizkuntza eskubideen egoeraren diagnosia egiten du. Eta asko dira hizkuntza eskubideak urratzeagatik herritarrek jarritako kexa eta erreklamazioak.
Aipatzekoa da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren txostenetan Behatokia erreferente zuzena izaten dela, eta bere urteroko txostenean Behatokiak jasotzen dituen salaketak txertatzen dituela.
Nafarroako Arartekoaren gomendioak
2010ean, Nafarroako Arartekoak elebitasunari eta herritarren hizkuntza eskubideen egoerari buruzko txostena egin zuen, Nafarroako Parlamentuak eskatuta. Dokumentu hori 2010eko otsailean argitaratu zen “Elebitasuna eta herritarren hizkuntza eskubideen egoera” izenarekin.
Txosten horretan Nafarroako hizkuntza eskubideen egoeraren berri ematen da, Nafarroako herritarrek Arartekoari igorritako kexak oinarri hartuta. Eta amaieran, Arartekoak, ikusirik nafar euskaldunen hizkuntz eskubideak sistematikoki urratzen direla, Iradokizun Orokorrak izeneko atalean (7. atala), Nafarroako Gobernuari hainbat gomendio eta iradokizun egiten dizkio; besteak beste, honako hauek:
– Nafarroako Gobernuari iradokitzen dio Otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretua (Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duena) goitik behera berraztertzea.
– Nafarroako Gobernuari iradokitzen dio Euskarari buruzko Foru Legearen exekuzioari buruzko erregelamendu orokor bat egin eta onets dezala, ikuspegi osoago batetik, eta erabilera sustatzearen ikuspegitik. Erregelamendu horrek Euskarari buruzko Foru Legeak ezartzen dituen helburuak bermatu beharko lituzke (1.2. artikuluan ezartzen direnak).
Hizkuntza gutxituen Europako karta
Hizkuntza gutxituen Europako karta Europako Kontseiluko kideek 1992ko azaroaren 5ean, Estrasburgon, berretsi zuten akordio bat da, Europako hizkuntza gutxituak defendatu eta sustatzeko. Espainiako Estatuak 2001ean berretsi zuen akordio hori.
Adituen batzorde batek hiru urtero aztertzen du, Hizkuntza gutxituen Kartaren betetze maila Nafarroan. Kartaren betetze mailaren inguruko txostenetan (2005-2008-2011), Espainiako Estatuari jakinarazten zaio ez dituela euskararen erabilerari buruzko gomendioak betetzen.
Afera Nafarroako Parlamentura
Eragile askok ahalegin handia egin dute administrazio publikoak herritarren hizkuntza eskubideak errespeta ditzan. UEMA ere udalerri euskaldunetako osasun etxe eta liburutegietako afera konpontzeko saiakeran murgildu da. Horretarako, hainbat udal, ASNABI (Nafarroako liburuzainen elkartea) eta OEE (Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea) izan ditu bidelagun, besteak beste. Ate asko dira jo dira egindako bidean, baita eskaera ugari bideratu ere.
Baina egindako lanak oraingoz emaitzarik eman ez duela ikusita, UEMAk Nafarroako Parlamentura eramango du gaia. Azaroaren 19an, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Batzordean eta Osasun Batzordean hartuko dute parte UEMAko ordezkariek. Egoeraren berri eman eta arazoa gainditzeko proposamen zehatzak aurkeztea da UEMAren asmoa.