Hasiera » Zehaztu gabe » OEEk Osakidetzaren II. Euskara Planaren zirriborroari buruzko bere iritzia plazaratu du

OEEk Osakidetzaren II. Euskara Planaren zirriborroari buruzko bere iritzia plazaratu du

Osakidetzak badu II. Euskara Planaren zirriborroa, eta OEEk dokumentuari buruzko bere iritzia plazaratu du. Oro har balorazio positiboa egin badu ere, zer hobeturik ere ikusi du osasun langileen elkarteak II. Euskara Planaren zirriborroan. Beren iritziz “Planaren jarraipen batzorde orokorra zehaztu gabe uztea hutsune handia” da. Gainera, ezinbestekotzat jo dute “euskaldunen bilguneekin lankidetza zintzoan aritzea, UEMArekin, besteak beste.” Eta “planaren aterpean topaleku ofizial bat sortu beharko” litzatekeela uste dute.

Iritzi artikulua osorik:

Gure balorazioa oro har positiboa da. Plan berriak aurrekoaren eskarmentua argiro biltzen du, eta askoz zorrotzagoa da bai normalizazio-neurriak zehazterakoan bai neurrion jarraipen- eta kontrol-mekanismoak zehazterakoan ere. Gaien aldetik, luze-zabalago erreparatzen die eragingarriak izan daitezkeen eremuei; xeheago dabil beraz. Gainera, euskaldunen zenbait elkarteen iritzi eta proposamenei kasu egin die, eta hala, administrazioaren ohiko mesfidantza eta autismo sozialetik aldendu da.

Ordea, badu zer hobeturik ere. Planaren jarraipen-batzorde orokorra, eragile eta ildo-markatzaile nagusi izan behar lukeena, zehaztu gabe geratzen da; hutsune handia gure aburuz. Bestalde, hizkuntza-eskakizunen sistemari bete-betean eusten dio, finean, planaren ardatz delarik, sakonki berraztertu beharreko gaia da, kezkatzeko modukoak baitira orain arteko esperientzia antzu samar asko eta albo-eraginak.

Plana eremu latz eta malkar batean garatu beharko da: euskaldunon bideak inoiz ez dira samurrak, eta hor boluntarismoek gutxi balio dute. Horregatik, indarrak ahul eta baliabideak urri geratzen direnean, planaren arduradunek argi eduki beharko dute sasoiko lehentasunik behinena euskaldunen egoera hobetzea dela, oroz gain ingurune euskaldunak babestuz, horiek dutelako, argi eta garbi gainera, erabateko lehentasuna hiztun komunitatearen trinkotzean. Beraz, Osakidetzak zerbitzu osoa bermatu behar du eta, ahalik eta epe laburrenean, hobe.

Bide horretan, berebiziko garrantzia izango du euskaldunen bilguneekin lankidetza zintzoan aritzea, UEMArekin, besteak beste. Hala, topaleku ofizial bat sortu beharko lukete planaren aterpean, euskal eragileak, aliatu gisa, partaide izan daitezen. Norabide horretan OEEren lankidetza izango dute beti eskueran.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.