Parte hartzaileen balorazio baikorrarekin amaitu dituzte saioak Bergaran. Eta horrela, bost dira jada arnasguneen tailerrak egin dituzten herriak; Orio, Araitz, Markina, Goizueta eta Bergara. Bihar, Zarautzek hartuko du txanda. Gero eta gehiago dira tailerrak egiteko UEMArekin harremanetan ipintzen ari diren herriak.
Tailer hauen helburua arnasguneek euskararen biziraupenean eta normalizazioa lortzeko duten garrantziaz jabetzea eta horiek zaintzeko zein hedatzeko herritar taldeak aktibatzea da.
Bergara
Arnasgunea da Bergara, euskaraz bizi daiteke neurri handi batean bertan, eta hala egiten dute bergarar gehienek. Badira, ordea, euskaraz bizitzea zailagoa gertatzen den une eta espazio batzuk, eta horiek identifikatzen aritu dira tailerretan parte hartu dutenak.
Euskaraz aritzeko ezintasunak nondik heldu diren ulertzeko gogoeta egin da. Administrazioa, hizkuntza paisaia eta herritarren kontzientziazioa agertu dira eragiteko eremu nagusienen artean.
Euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko eta egoera horiek gainditzeko zein urrats eman beharko litezkeen aztertu da, baita urrats horiek nork eman beharko lituzkeen ere.
Zarautz
Udalak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak arnasguneei buruzko tailerra antolatu dute, eta bihar egingo dute lehenbiziko saioa. Bigarren saioa beriz, Azaroaren 20an izango da. Tailerrak Etxezabalako aretoan egingo dira, 18:30etatik 20:30etara.
Tailerraren nondik norakoen aurkezpena egin ondoren 20 minutuko bideotxo bat eskainiko dute parte-hartzaileak testuinguruan kokatzeko. Goizane Arana UEMAko teknikariak arnasguneei buruzko alde teorikoa azalduko du segidan. Eta horren ostean, lan taldeetan elkartuta, gabeziei buruz hausnartu eta horien zergatia aztertuko dituzte herritarrek.
Urola Kostako Hitzak ere jaso du Zarauzko arnasguneen tailerren inguruko informazioa.