Hasiera » Zehaztu gabe » Arriaga: “UEMAn egoteak lasaitasuna, laguntza eta sostengua emoten deusku”

Arriaga: “UEMAn egoteak lasaitasuna, laguntza eta sostengua emoten deusku”

1991. urtean, 17 udalek sortu zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, bultzatzaileetako bat izan zen Aulestiko Udala. Elena Arriaga Aulestiko Udaleko jarduneko idazkariak bere bizipen eta sentsazioak konpartitu ditu gurekin. Aulestiko Udalak UEMAren sorrera bultzatu izana “erabaki zuzena eta ausarta” izan zela uste du. Atzera begiratuta, herritarrek euskaraz “osotasunean bizi izateko erraztasunak” lortu dituztela uste du. Eta herri txikia izanik ere, Aulestiko udalak %100 euskaraz funtzionatzeko gaitasuna duela nabarmendu nahi izan du.

Aulestiko Udala UEMAn sorrera bultzatu zuenetako bat izan zen. Hogei urte geroago erabaki zuzena izan zela uste al duzu?

Bai zalantza barik, erabaki zuzena eta ausartza izan zala uste dot.

Nola baloratzen duzu orokorrean UEMAren eboluzioa?

Eboluzino ona euki dauela eta daukolakoan nago; bizi izan ditu garai batzuk nahiko motel ikusi izan dodana, ez dakit ondo zelan azaldu sentsazinoa, egunerokotasunean murgilduta egon da, barritasunik eskaini barik. Halandaze hausnarketa prozesua martxan ipini eban eta horren ostean berrindartuta agertu jaku UEMA.

Zutabe garrantzitsu edo garrantzitsuena izan zan Iñaki Arregiren heriotza be gertatu zan eta hori be kolpe izugarria izan zan bai UEMArentzako baita euskaltzale guztiontzako be.

Zein izan da UEMAk Aulestiko herriari egindako ekarpenik esanguratsuena?

Euskaraz osotasunean bizi izateko lotsa edo konplexuak kentzea; Aulesti herri txikia da, euskalduna, hamengo biztanleen ia %100en  ama hizkuntza euskara da, euskara da euren arteko komunikazinorako hizkuntza baina ez horrela medikuagaz edo administrazinoagaz erabilten izan daben hizkuntza. Hori da nire ustez UEMAren bitartez edo horri esker lortu doguna. 

Aulestiko Udala UEMAren sorrera bultzatu zuenetako bat izan zen. Hogei urte geroago, erabaki zuzena izan zela uste al duzu?

Bai, zalantza barik, erabagi zuzena eta ausarta izan zala uste dot.

Euskararen erabilera dagokionez, zein da Aulestiko Udalak duen egoera?  

Oso ona, Udalak euskeraz funtzionetan dau bere osotasunean, eta lortu dogu beste erakundeetatik  jasoten dan korrespondentzia ia guztia be euskeraz egotea.

Udaleko langileei zertan eragin die UEMAN sartzeak?  

UEMAn egoteak emoten deusku lasaitasuna, laguntza, sostengua… gure eguneroko beharrean, eta euskeragaz zerikusia daukien gaietan ezinbestekoak dira guretzako UEMAko teknikariak.

Egindako ibilbidearen ondotik, zer uste duzu irabazi dutela herritarrek?

Euren ama hizkuntzan, euskeraz, osotasunean bizi izateko aukera eta erreztasuna.

Udala euskalduntzeko bidean zer nolako trabak aurkitu dituzue? Nondik datoz oztopo horiek?

Ni 1989an hasi nintzan beharrean Aulestiko Udalean, eta orduan dagoeneko euskeraz egiten ziran gauza asko, barruko idatziak (aktak, oharrak…) eta. Harrezkero, trabak izan izan dira, baina ez dot gogoratzen  arazo nabarmenik euki dogunik.

Aulestiko Udalak eta bertoko beharginok argi daukagu euskerarekiko gure konpromisoa, eta badakigu helburuak lortzeko modurik eraginkorrena ekina bera dana, egunero bidea eginez.

Aulestiko Udalak segidu dauen dinamika hori izan da, egunerokotasunean euskeraz funtzionetea eta beste erakundeei (aldundiak, Jaurlaritza, Gizarte Segurantza, gobernu ordezkaritza…) eskatzea eta exijitzea gugaz gitxienez euskeraz egin daiela. Hori izan da, beharbada, oztoporik gogorrena, edo behintzat gehien kostau jakuna, besteek be euskera erabiltea euren eguneroko funtzionamentuan.

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.