Hasiera » Zehaztu gabe » Usurbil eta Orioko Bake Epaitegian euskarazko zerbitzua berma dadin exijitu dute

Usurbil eta Orioko Bake Epaitegian euskarazko zerbitzua berma dadin exijitu dute

Usurbilgo eta Orioko udalerriek Bake Epaitegietarako Idazkaritza bakarra osatzen dute 1992ko Justizia Ministerioaren agindu baten arabera. Bake Epaitegiko idazkari titularrak erretiroa hartu du, eta haren ordez, langile berri bat hasi da lanean. Jasotako informazioaren arabera, langile horrek ez daki euskaraz. Gainera, legearen arabera ere, lanpostu horretan jardungo duen langileak ez du zertan euskaraz jakin beharrik 2015eko urtarrilera arte.

Egoera horrek bi udalerriotako herritarren hizkuntza eskubidea urratzen du. Zehazki,  herritarrek justizia administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidea. Hori dela eta, Usurbilgo eta Orioko Bake Epaitegietan oinarrizko eskubide hori berma dadin, behar besteko neurriak hartzeko exijitu dute UEMAk eta herriotako udal ordezkariek.

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak, Beñat  Solaberrieta Orioko alkateak eta Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkateak gutunak helarazi dizkiete Eusko  Jaurlaritzako Justizia  administrazioko zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzari, Arartekoari, Hizkuntza Eskubideen Behatokiari eta Elebideri.

Gutunean diotenez, “2013ko uztailetik 2015eko urtarrilaren 15era  bitartean 17 hilabete luze daude. Denbora tarte horretan, Usurbilen eta Orion, Bake Epaitegiarekin euskaraz jardun nahi dugu, ahoz zein idatziz. Hizkuntza  berezitasunaren data 2015eko urtarrila izanda  ere, ulertzen dugu herritarraren oinarrizko eskubidea dela Bake Epaitegiarekin euskaraz jardutea, eta, oinarrizko eskubidea izanik, administrazioetatik eskubide hori gauzatzeko berme guztiak jarri behar direla beti.”

Horrela aitortzen du 10/1982 Euskararen Oinarrizko Legeak ere, lehenengo idazpuruan: “Arduralaritzarekin eta Autonomia Elkartean kokatutako edozein ihardutze Sail edo Erakunderekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskaraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea.”

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak bere aldetik, “udalerri euskaldunek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua aitortzeko unea” iritsi dela aipatu du. Eta aitortza horretatik aurrerago joanda,  “udalerri euskaldunen garapen soziolinguistikorako neurri zehatzak” ere eskatu ditu Mankomunitateko buruak. Gainera, gogora ekarri du, euskara nagusi den udalerrietan administrazioak euskarazko zerbitzurik ez bermatzea “are larriago“ suertatzen dela.

Orio eta Usurbilgo biztanle gehienak euskaldunak dira (%75etik gora bi herrietan) eta udalok  sarri aldarrikatu dute  euskaraz naturaltasunez bizitzeko nahia. Bi udalerriok euskarak duen arnasgunerik zabaleneko parte dira, baita UEMAko kide ere.

 Aurrekariak

2002ko azaroaren 22an, Usurbilgo eta Orioko alkateek, batera, gutuna bidali zioten Justizia sailburuordeari, honako hau eskatuz: Dagozkion erabakiak har ditzazula, Usurbil eta Orioko Bake Epaitegiko funtzionarioak euskaldunak izateko eta, bereziki, jar dezazula bidea  Usurbil eta Orioko Bake Epaitegirako izendatu den Ofizial Idazkaria euskalduna izateko.

2009ko urtarrilaren 9an, Usurbilgo Udalak Justizia Harremanetarako zuzendariari gutuna bidali zion, honako hau adieraziz: “Gure herritarrek administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidea aintzakotzat hartuta, eskatzen dizut zerbitzu hori euskaraz eman dadin dagozkion neurriak har ditzazula.”

2009ko urtarrilaren 16an,  Justizia Sailetik orduan emandako erantzunean, besteak beste hau aipatzen zen: “Gaur egun Sail honek ezin ditu funtzionaldi lehentasunezkoak diren lanpostuak bete,  eta ezin die lanpostu horiei HE esleitu. Modu horretan lanpostu horietan hizkuntza eskakizun egokia duten langileak jarri ahal izango genituzke. Espero dugu horrenbeste gabezia dituen egoera hau epe motzean konpontzea (horren inguruan kontuan izan behar da EAEko Justizia Administrazioaren Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorra duela gutxi onartu dela eta bertan, beste lan ildo batzuen artean, Justizia Administrazioan euskara erabiltzeko eta hedatzeko giza–‐baliabideen banaketa eta esleipen egokiak proposatzen direla).”

2009ko otsailaren 27an, Elebidek  adierazi zuen, kexa eta erantzuna aztertu ostean, ulertzen duela arazoa Justizia Sailak bere gain hartu eta bideratu duela eta, beraz, konponbidean dela arazoa.

2009ko apirilaren 22an, Usurbilgo Udalak honako hau adierazi zion Elebideri, haren idatziari erantzunez: “Gure herritarrek administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidea aintzakotzat hartuta, eskatzen dizut zerbitzu hori euskaraz eman dadin dagozkion neurriak har ditzazula.”

2009ko maiatzaren 20an,  Elebidek Usurbilgo Udalari honako hau erantzun zion: “Aitzitik, tamalez berretsi behar dugu Elebideren jarrera, une honetan dugun egoerak neurri eraginkorragoak hartzea eragozten baitu… Baina Justizia Administrazioko egoera hobetzeko saiakera horren aurrean, Estatuko Administrazioak  errekurtsoa aurkeztu du, ahalegin guztiak geldiaraziz, eta ez da posible une honetan aipatutako dekretuan aurreikusitako neurriak hartzea.”

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.