Hasiera » Zehaztu gabe » EUSKARAZ NAIZ! lelopean abizenak euskalduntzeko kanpaina egingo du UEMAk hainbat udalekin elkarlanean

EUSKARAZ NAIZ! lelopean abizenak euskalduntzeko kanpaina egingo du UEMAk hainbat udalekin elkarlanean

UEMAk, hainbat udalekin elkarlanean, abizenak euskalduntzeko kanpaina jarriko du abian. “Euskaraz naiz!” da horretarako aukeratu duten leloa, eta datozen asteetan, herritarrak beren abizenak euskal grafiaz jartzera gonbidatu nahi dituzte. Otxandio, Mallabia, Munitibar, Mañaria, Artea, Izurtza, Berriatua, Gizaburuaga eta Gatikatik abiatuko da kanpaina, eta pixkanaka UEMAko udalerri guztietara zabaltzea da asmoa.

UEMAren helburuak lortzeko, Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial publikoa zein pribatua euskaraz izan dadin lortzeko, ezinbestekoa da bertako herritarren inplikazioa. Eta hori da hain zuzen UEMAk kanpaina honekin bilatu nahi duena, herritar bakoitzak euskalduntzean urrats bat ematea.

Hainbat urtetan, dokumentu ofizialetan norbere abizenak euskal grafiaz idazteko zailtasun eta debekuak izan genituen euskaldunok. Denborarekin euskarak bideak ireki ditu, eta gaur egun, bada aukerarik nahi duen orok bere abizenak euskaraz izan ditzan. Garai hartako debekuek ordea, gaur arteko eragina izan dute. Echeverria edota Echenique askok halaxe pasa baitizkiete abizenak euren oinordekoei.

UEMAk hiru helburu bete nahi ditu kanpaina honekin. Batetik, euskarak izan dituen debeku eta garai ilunen ondorioak gainditzeko urrats txiki bat ematea. Bigarrenik, lehen helburu hori bete ahal izateko norberaren inplikazioa lortzea. Eta hirugarrenik, herritarrek euren burua euskaraz sentitu, bizi eta aurkezteko urratsa eman dezaten lortzea.

Nola euskaldundu abizena?

–          Erregistro zibilera edo bake epaitegira joan eta esan abizena euskal grafiaz ipini nahi duzula.

–          Han emango dizuten eskaera orria zure datuekin bete.

–          Eraman beharreko agiriak:

Nortasun agiriaren fotokopia.Adinez nagusia ez bazara, baita gurasoena ere.

Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria. Epaitegian eskatzen da.

Errolda agiria. Udaletxean eskatzen da, eta, adinez nagusia ez bazara, gurasoena beharko duzu.

Familia liburuaren fotokopia. Ezkonduta bazaude edo seme-alabarik baduzu.

Seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia. 16 urtetik gorako seme-alabak badituzu.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.