UEMAk udalerri euskaldunak batu eta euren arteko elkarlana sustatu nahi du, hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatzeko. Bide horretan, eta Ipar Euskal Herrian ere udalerri euskaldunak badirenez, bertako eragileekin lehen harremanak egiten hasia da Mankomunitatea. Horrela, Ipar Euskal Herriko Kontseiluko ordezkariekin egindako lehen bilerari urrats politikoa gehitu zaio Bil Gaitenekin egindako bilerarekin.
Bil Gaitenekin egindako bileran, UEMAk dituen helburu eta egiten duen lanaren berri eman zaie bertako ordezkariei. Duela urte batzuk, UEMAk Ipar Euskal Herriko 30 herriko etxe inguruekin izandako harremanak berrartzeko aukerari buruz aritu dira, besteak beste.
UEMAren aldetik, Jon Abril (Berako hautetsia) eta Axier Mujika (Aramako alkatea) Zuzendaritza batzordeko kideek hartu dute parte bileran. Bil Gaitenen ordezkari gisa, Nikolas Blain ( Makeako hautetsia) eta Iker Elizalde (Hendaiako hautetsia).
Bil Gaiten
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako abertzale eta ezkertiarrak batu nahi dituen mugimendua da Bil Gaiten. Sentsibilitate ezberdinetako hautetsi abertzaleen arteko zatiketak gainditu eta ezkerreko abertzaleen pisua erakutsi nahi dute. Eta horretarako, 2014ko herri hauteskundeetan parte hartuko dute.